Protokoloa, aktibatuta: “Euskara bigarren mailako hizkuntza izatera kondenatu dute”

0
2805

Argazkiak eta beheko testua: Euskaldunon Hizkuntza Eskubideen Aldeko Arrasateko Protokoloa.

Beste behin ere, Euskara bigarren mailako hizkuntza izatera kondenatu dute.

Izan ere, Espainiako Auzitegi Gorenak, eskuin muturreko Vox alderdi espainiarraren eskariz, EAEko udal legearen dekretutik baliogabetutako artikulu gehienak atzera bota ditu, eta, euskara lehenetsiz gero, hizkuntzen koofizialtasuna urratzen dela ere ebatzi du.

Euskara, ordea, ez da beste hizkuntza ofizialen parekoa. Ezta ofiziala den lekuetan ere.

Europako Hizkuntza Gutxituen Sareak adierazi duen bezala, euskara larrialdi linguistikoan dago. Baita minorizazio gorrian ere, azken ikerketek erakutsi duten moduan.

Izan ere, euskara jazarria, debekatua eta isildua izan da mendeetan zehar.

Hizkuntzak ez dira galtzerdiak bezala galtzen. Desagerrarazi egiten dituzte. Euskararekin ere ahalegindu dira, eta gutxitu dute, baztertu dute, eta baita bigarren mailakoa bihurtu ere. Hori da gaur egungo egoera ulertzeko abiapuntua.

Euskal gizarteak eta euskal erakundeek, ordea, gehiengo zabalarekin, euskarak dagokion lekua izan behar duela erabaki dute. Gutxitutakoa lehengoratzea. Normalizatzea. Biziberritzea. Eta, horretarako, ezinbestekoa da euskara lehenestea, eta euskararen aldeko erabakiak hartzea, elebitasun simetrikoa gaindituta. Parekidetasunik ezean, berdintasuna heriotza zigorra baita.

Orekak ez du balio lurrean zaudenean. Horregatik lehenesten dugu eta lehenestea nahi dugu euskara. Euskaldunak garelako. Euskara delako gure hizkuntza. Euskaraz garelako. Eta euskaraz izaten jarraitu nahi dugulako.

Gainera, euskarari dagokion lekua ematea euskararentzat justizia egitea da. Zapaldua eta gutxietsia izan denari duintasuna itzultzea, eta egindako kaltea konpontzeko bidea jartzea.

Horregatik, EAEko udal legea mugarria izan zen, elebitasun simetrikoa gainditzeko eta euskara lehenesteko aukera eman zuelako.

Ezagutu berri dugun epaiak, ordea, udal legea kimatu eta ebatzi du ezin dela “neurririk hartu hizkuntza koofizialetako bat gailentzeko, horrek berak urratu egingo lukeelako koofizialtasuna”.

Larria da epaia. Euskal gizartearen eta euskal erakundeen erabaki demokratikoaren aurkakoa ez ezik, azken hamarkadetako hizkuntza-politiken aurkakoa ere badelako, eta euskara beraren ofizialtasuna ere zalantzan jartzen
duelako, ondoan gazteleraren makulua ez duenean.

EAEko udal legeak hizkuntza eskubideak urratzen dituela dio Espainiako justiziak, beste behin ere euskaldunon hizkuntza eskubideak alde batera utzita.

Gurekin jai dute, ordea. Ez diogu uko egingo euskaraz aritzeari. Ez diegu uko egingo gure hizkuntza eskubideei. Ez diogu uko egingo euskarak behar duen justizia aldarrikatzeari.

JUSTIZIA, LEGE-BABESA ETA ARNASA EUSKARARENTZAT, HIZKUNTZA ESKUBIDEAK EUSKALDUNONTZAT!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen