‘Iñaki bota daue’ liburua argitaratu dute, arrasatearraren erailketa ardatz duena

0
3150

Liburuaren portadako irudia: txalaparta.eus

Pako Aristi Urrestillako idazle ezagunaren eta Oñatiko Gure Bazterrak ekimenaren eskutik dator ekainean argitaratu den ‘Iñaki bota daue’ liburua. Gure Bazterrak taldeak, Etxaberen eta gerra zikinaren biktima izandako senideen laguntzaz egindako ikerketa, irakurgai bihurtu du Aristik: “ikerketa sakona dakar liburuak, historiako garai ilun baten kronika”.

Duela 50 urte, 1975eko urriaren 5ean, Kanpazarren, Iñaki Etxabe arrasatearra erail zuten, eta gertaera hau baliatuz, gerra zikinaren hastapenaren inguruko liburu hau idatzi dute. Izan ere, Iñigo Iruinen hitzetan, “estatu terrorismoaren belaunaldi berriko lehen hilketa” izan baitzen Etxaberena.

Liburua, Iñaki Etxaberen erailketaren 50. urteurrenaren baitan kokatuko da eta urrian, Arrasaten eta Oñatin aurkeztuko dute.

1975eko udazkenean kokatzen da liburua: “Francisco Franco diktadorea hilzorian dago. Bi urte lehenago ETAk Carrero Blanco Espainiako gobernuburua hil du, eta denek dakite aro bat amaitzera doala. Halere, ez da bakean hilko. Irailaren 27an Juan Paredes Txiki eta Angel Otaegi etakideak fusilatu dituzte, FRAP taldeko hiru militanterekin batera”.

“Data horretatik urriaren 12ra bitarteko egunak tentsio handikoak izan ziren Euskal Herrian. Beldurra nagusi da gure herrietan, polizia alerta egoeran dago, baina ezingo du eragotzi ETAren erantzuna: urriaren 5ean, igande goizez, lehergailu bat zartatu du Arantzazun eta hiru guardia zibil hil ditu. Kolpearekin sututa, Espainiako gobernuak ezohiko bilera deitu du biharamunerako”.

“Atentatuak mendeku gosea piztu du: igandean bertan, iluntzean, aurpegi estalia daramaten hiru gizonek Iñaki Etxabe metrailatu dute Kanpazar gainean duen ostatuan, bere anaia Juan Jose ETAko buruzagia izana delako. Hurrengo igandean, German Agirre taxilaria ere metrailaturik agertu da Legution”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen