Udazabal kultur eskaintza zabalarekin dator uztailaren 3tik 25era

0
2628

Bi berrikuntza nagusi nabarmendu nahi izan ditu Udalak: batetik, AED elkartearekin batera, zinea ekarriko dute bueltan Monterronera eta bestetik, Urmuga jaialdiak geldialdia egingo du Arrasaten lehendabizikoz.

Andoni Arratibel kultura zinegotziak, AEDko Itxaro Artolak eta Zigor Martinez, Arrasate Musikaleko Big Band-eko zuzendariak eman dute Monterron parkean, uztailaren 3tik 25era luzatuko den Udazabal egitarauaren berri. Aurten ere askotariko kultura eskaintza prestatu dute: musika, zirkoa, antzerkia, dantza eta zinea besteak beste. Hemen ikusi daiteke egitarau osoa

Zinea eta Urmuga jaialdia berrikuntza nagusiak

Andoni Arratibel zinegotziak eman du aurtengo berrikuntza nagusien berri. Herriko bi naturgune nagusiak (Santa Barbara eta Monterron), izango dira Udazabal kokalekuak.

Monterron parkeak, AED elkartearekin elkarlanean antolatutako bi zine ikuskizun hartuko ditu bere baitan. Bi emankizun eskainiko dira; kantauri hilaren 19an eta El Vasco hilaren 25ean. Eguraldiak lagundu ezean, zinea Biteriko aterpean eskainiko dute.

“Iaztik genuen ideia hau buruan, eta ideia bera zuten Arrasateko gazte batzuekin eraman dugu aurrera. Gazte hauek ez zuten ekimen hau ezagutu eta asmoa udako zinea bultzatzeaz gain, euskarazko zinea eta zinera joateko ohitura bultzatzea izan da. Monterronek horretarako aukera ederra eskaintzen du” azaldu du Itxaro Artolak.

Bestalde, Santa Barbaran egingo du geldialdia Urmuga mendi-ibilaldi musikatuaren jaialdiak eta honenbestez, lehendabizikoz izango da Arrasaten. Goikobalun, Chruinne talde galiziarrak kontzertua eskainiko du jaialdi honen baitan.

Bestelako emanaldiak ere bai

Dantza ere izango da Udazabalen. Horretarako, bi egun nagusi prestatu ditu Udalak: uztailaren 11n punta-puntako hiru pieza motz ikusteko aukera izango da Zaldibar frontoian, Eskal Herriko bi dantza taldek eta Kataluniako batek hartuko dute parte. Lasala konpainiak ‘Burnt’ izeneko bere azken lana ekarriko du, eta Altraste konpainiak, berriz, ‘El Bolero’. Kataluniatik, Angel Duran Performing Arts taldeak ‘Clintch’ izeneko lana aurkeztuko dute. Uztailaren 18an berriz, Tio Teronen semeak talde euskaldunak eskainiko du dantza ikuskizuna, Herriko Plazan kasu honetan.

Zirkua ere ez da faltako, uztailaren 8an Transir ikuskizunaz gozatu ahalko da Biteri plazan. Uztailaren 15ean, Trapu Zaharrak konpainiaren azken antzerki emanaldietako batekin gozatu ahalko da Seber Altuben, “Azkena eta bagoaz” izenekoa.

Musikak ere zer esana emango du Udazabalen, hasteko 2000. urtean Arrasate Musikaleko Big Bandak irekiko du Udazabalen. Partaide guztiak Arrasate Musikaleko ikasleak eta irakasleak dira: Arrasateko eta inguruko herrietako 23 musikariz osatua dago. Talde honen zuzendari lanean ari da hain zuzen Zigor Martinez: “Aurtengo nobedadea kontzertua Zaldibarren egingo dugula da, Monterronen Mondra&Roll dagoelako, ea zer moduz irtetzen den”.

Mondra&Roll, Fermin Muguruzaren kontzertua eta Arrasate Blues izango dira, udako musika egitaraua osotuko dutenak. Arrasate Blues hilaren 3tik 24ra ospatuko da, Mondra&Roll uztailaren 4 eta 5 ean eta ondorengo egunean, uztailaren 6an eskainiko du kontzertua Fermin Muguruzak.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen