Testua: Arrasateko protokoloaren sustatzaileak / Irudia: MB artxiboa
Euskaldunon hizkuntza eskubideen aldeko Arrasateko protokoloak elkarretaratzea deitu du euskararen kontrako azken sententziak salatzeko. Bilkura otsailaren 12an izango da, 18:30ean eta Herriko plazan.
Azken astean, hainbat udalek jaso dituzte euren hizkuntza politiken aurkako sententziak. Donostia, Astigarraga, Usurbil… Herritarren hizkuntza eskubideak errespetatuz euskara lan eta zerbitzu hizkuntza izateko bokazioz diharduen edozein izan daiteke hurrengoa. Akaso, geurea.
Horregatik, gure herrietako hizkuntza politikak epaitegietatik inposatzen ari zaizkigun honetan, ezinbestekoa da gure hizkuntza eskubideen defentsan antolatu eta aktibatzea, euskaldunon eskubideak egiazki bermatuko dituen arkitektura juridiko berri bat aldarrikatzeko eta Auzitegi euskarafoboen injerentzia politikoa salatzeko.
Arrasaten ere horretara goaz, eta gurekin bat egitera deitzen ditugu hizkuntza berdintasunean sinesten duten Arrasateko herritar, eragile, sindikatu eta alderdiak.





