MUk bere laborategietara bisitak antolatu ditu Neska eta Emakume Zientzialarien Egunaren harira

0
655

Argazkia eta beheko testua: Mondragon Unibertsitatea.

Mondragon Unibertsitateak bat egin du, beste urtebetez, Emakume eta Neska Zientzialarien Egunarekin. Horretarako, bisitak antolatu ditu Bilboko, Arrasateko, Hernaniko eta Ordiziako campusetan dituen laborategietara, non DBHko, batxilergoko eta lanbide-heziketako ikasleek bertatik bertara ezagutu ahal izango baitute unibertsitateko ikertzaile eta irakasleen egunerokoa. Mondragon Unibertsitateko Eskola Politeknikoak antolatutako jarduera horiek otsailaren 10etik 13ra bitartean egingo dira, EMAKUMEAK ZIENTZIAN 2025 ekimenaren barruan. Helburua da emakumezko ikasle gazteek zientziaren eta teknologiaren alorretako erreferentziazko emakumeen berri izatea eta bertatik bertara entzutea haien testigantzak eta gogoetak.

Arrasateko campuseko laborategiak bisitatzea (otsailaren 10a)

Otsailaren 10ean, astelehenean, 10:00etatik 11:30era bitartean, Mondragon Unibertsitateak Arrasateko campusean dituen hiru laborategi ezagutuko dituzte ikasleek: prototipo-laborategia, materialen laborategia eta biomedikuntzako laborategia. Lehen laborategia prestatuta dago 3D marrazketako, 3D inprimaketako eta laser-ebaketako tresnak erabiltzeko, hainbat sektoretarako baliagarriak direnak eta prototipoak sortzeko aukera ematen dutenak. Bigarren laborategian, ikasleek aurrez aurre ikusiko dute nola ikertzendiren materialen propietateak, mikroskopio, trakzio-saiakuntza, gogortasun-saiakuntza etaabarren bidez. Azkenik, hirugarren laborategian, medikuntzan erabiltzen den teknologia etaikerketa zein praktika klinikoan baliatzen diren tresnak ezagutuko dituzte.

Izen-emateak: MUko Iturripe campuserako eskola-bisita – Emakumeak zientzian

Galarretako EKO campusa bisitatzea (otsailaren 11)

Galarretako EKO campuseko (Orona Ideo, Hernani) bisita otsailaren 11n izango da, 10:00etatik 11:30era, eta parte-hartzaileen gehieneko kopurua 30 lagunekoa izango da. Campus horrek garapen jasangarria du ardatz, eta teknologia-ezagutzak ingurumenarekiko erantzukizunarekin uztartzen ditu. Bertaratzen direnek aurrez aurre ezagutu ahal izango dituzte gehitze-fabrikazioan, energia-biltegiratzean eta material aurreratuetan espezializatutako laborategiak, baita ingurumen-neutraltasunera bideratutako teknologia aurreratuak ere.

Izen-emateak: MUko Galarretako EKO campuserako eskola-bisita – Emakumeak zientzian

Bilbao AS Fabrik bisitatzea (otsailaren 12a)

Bilbao AS Fabrik campusak otsailaren 12an irekiko ditu ateak, 10:00etatik 12:00etara. Bisitaldian zehar, parte-hartzaileek aukera izango dute Mondragon Unibertsitatearen egunerokoa nolakoa den ikusteko eta fisika-laborategiko hainbat proiektu eta zientzia-erakusketa esperimentatzeko.

Izen-emateak: MUko Bilbao AS Fabrik campuserako eskola-bisita – Emakumeak zientzian

Goierriko campusa bisitatzea (otsailaren 13a)

Azkenik, Goierriko campusak (Ordizia) otsailaren 13an hartuko ditu bisitariak, 10:00etatik 11:30era. Campus horretan, bi gune interaktibotan garatuko da esperientzia. Murgiltze-gelan, joaten direnek aukera izango dute ingeniaritzako goi-mailako zikloetako ikasleek diseinatutako makinak ezagutzeko, errealitate birtualeko betaurrekoak erabili eta ingurune simulatuetan jarduteko, zentral hidroelektrikoetan erabiltzen den 3 metrotik gorako balbularen funtzionamendua ikusteko eta aerosorgailu baten osagaiak ezagutzeko. Gela interaktiboan, berriz, hodeiko sistema baten bidez erakusketak egiteko modu berritzaile bat aurkeztuko da. Horrez gain, talde-dinamikak egingo dira, mahai eta horma interaktiboak konbinatuz erronkak ebazteko, eta 360º-ko bideoak bistaratuko dira, arazo praktikoak aztertu eta elkarlanean jarduteko.

Izen-emateak: MUko Goierriko campuserako eskola-bisita – Emakumeak zientzian

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen