Oraindik sarrerak daude Ozenki elkarteak antolatutako Gala Lirikorako

0
429

Beheko argazkia: Ozenki elkartea

Asteazken honetan, abenduak 18, 20:15ean, Ozenki elkarte lirikoa Amaia antzokira itzuliko da Gala Liriko klasikoarekin. Sarrerak salgai daude oraindik ikusikizunaz gozatzeko. Oraindik sarrerarik lortu ez dutenek Amaia antzokiaren ohiko kanaletan eta Altuna Lurrindegian eskura dezakete geratzen diren sarreretako bat, 25 euroren truke.

“Ez utzi besteei kontatzen”, horrela laburbiltzen du Manu Gallardok asteazkeneko Gala Lirikoa. Ozenki Elkarteko kidea pozik dago aurten antolatu duten errezitaldiarekin. “Formatu klasikoago batera itzuli gara, eta aurtengo kontzertua talentua eta kalitatea aldarrikatzen dituen proposamena da”, esan du Gallardok.

Hainbat urtez galak kutsu teatralizatuagoa hartu ondoren, asteazkeneko hitzordua errezitaldi klasikoagoa izango da. “Bi ahots handik eta hiru musikari talentudunek Amaiaren publikoa hunkituko dute”, bermatzen du Gallardok. Eta ez da gutxiagorako, ikuskizuna mimo handiz prestatu baita. Ikuskizunaren lehen testa Castreseko (Frantzia) Goya Museoaren inaugurazioan egin zen, eta Gallardoren hitzetan “estreinaldia apoteosikoa izan zen, eta ziur gaude publikoak asko gozatuko duela emanaldiarekin”.

Azken sarrerak

Salgai jarri zirenetik, operazaleek sarrerak erosi dituzte, baina oraindik gutxi batzuk salgai daude.

Hoznekero sarrerarik erosi ez dutenek geratzen diren azken sarreretako bat eros dezakete Amaia Antzokiko ohiko kanaletan: Kutxabank, Amaiaren Leihatilan eta arrasate.eus webgunean. Nahi dutenek Ozenkiren posta elektronikoa ozenkielkartea@hotmail.es ere erabili dezakete sarreren eskaera egiteko. Berrikuntza gisa, eta sarrera fisikoen erosketa errazteko, Altuna Lurrindegian ere eros daitezke sarrerak. “Dudarik gabe, inork galdu behar ez lukeen hitzordu atsegina izango da” dio Gallardok.

Talentu bikaina

Gutxitan lortzen da agertoki berean hainbeste talentu elkartzea. David Baños tenorraren ahotsak behin baino gehiagotan sorgindu du Amaiaren publikoa, baina oraingo honetan, 100 ANNI PUCCINI sariadun Yeonjoo Parkekin igoko da Amaiaren oholtzara. Elkarrekin, opera aria eta zarzuela erromantze ezagunenak biziko dituzte.

Hori nahikoa erakargarria izango ez balitz, abeslariekin batera, Slhomo Rodríguez pianojolea, izango da ikuskizunaren musika-zuzendaria, Georgiy Sokolovek joko du biolina eta Coro Hernández arituko da biolontxeloarekin. Ospe handiko hiru musikari, zalantzarik gabe, talentu handiko gaua biribiltzen lagunduko dutenak.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen