‘Jostailu-Hezitzailea’ kanpaina abiatu du Debagoienako Gurutze Gorriak

0
451

Testua eta argazkiak: Debagoienako Gurutze Gorria

Gurutze Gorriak kanpaina berri bati ekin dio aurten ere Debagoienean. Kanpaina honen helburua da jostailu berriak banatzea gure eskualdean bizi diren 147 familia zaurgarritako edo gizarte-bazterketa jasateko arriskuan dauden haurrei Gabonetan. Gainera, kanpainak helburu hezitzailea du, jolasak norberaren nortasunaren garapenean eta pertsonen arteko harreman positibo eta eraikitzaileetan duen garrantziaz sentsibilizatzeko.

“Gaur egun, Debagoienean bizi diren eta kalteberatasun-egoeran dauden pertsonen oinarrizko premiak artatzeko lehentasuna dugu, bai adingabeenak, bai adinekoenak. Adinekoei arreta emateko programa bat dagoeneko martxan badugu ere, Gabonen inguruan, pobrezia egoeran dauden Debagoieneko familietako 277 haurri jostailuak helarazteko asmoa dugu” azaldu du Javier Igartuak, Debagoieneko Gurutze Gorriaren batzarreko presidenteak.

Kanpaina 25 boluntario baino gehiagoko talde batek antolatzen du, eta Gurutze Gorriak Elorregi auzoko San Prudentzio egoitzatik artatzen dituen zortzi udalerrietara iritsi nahi du – Antzuola, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Elgeta, Eskoriatza, Leintz-Gatzaga eta Oñati–. Kanpaina bi fasetan egituratuta dago: Lehenengoan, nahikoa funts eta jostailu-dohaintza bildu nahi dira, bigarren fasean, aldez aurretik udaleko gizarte-zerbitzuekin lankidetzan identifikatutako familiei entregak egiteko.

Gainera, datorren ostiralean, abenduak 13, eta larunbatean, hilak 14, Gurutze Gorriak stand bat jarriko du Arrasateko Eroski hipermerkatuan, kanpainaren hezkuntza-edukiaren berri emateko, jostailu-txekeak salduz eta jostailu berriak jasotzeko. Gainera, Arrasateko Garagunearen laguntza izango du.

Kanpaina horretan, Gurutze Gorriak jostailu berriak, ez belikoak, ez sexistak eta gizarte- balioetan hezkuntza-funtzio argia dutenak eta erakundearekin bat datozen errespetuzko eta lankidetzako jarrerak sustatzen dituztenak soilik jasoko ditu.

“Kanpaina honek Debagoienean boluntario asko mobilizatzen ditu, jostailuen hautaketan eta erosketan, diru-bilketan, familia hartzaileen antolaketan eta koordinazioan… inplikatzen direnak, jostailuak hartzaileei Gabonak baino lehen entregatu arte”, zehaztu du Igartuak, eta, aldi berean, gonbidapen bat luzatu du: “Gurutze Gorria beste pertsona batzuei laguntzea erabakitzen duten askotariko pertsona boluntarioek osatzen dute. Borondatea besterik ez da behar, eta Gurutze Gorriak Debagoienean duen egoitzara hurbildu”.

Kanpaina honetan boluntario gisa edo Gurutze Gorriak urtean zehar egiten dituen beste kanpaina batzuetan parte hartu nahi baduzu, jar zaitez harremanetan Debagoieneko Gurutze Gorriarekin 943 76 55 76 telefonoaren edo altodeba@cruzroja.es helbide elektronikoaren bidez.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen