Santamasen-Olentzeroren egitaraua jorratu eta aurkeztu dute Komisiñuak, kultura-taldeek eta Udalak

0
1477

Udaleko Kultura Sailak, Arrasateko Txistulariak (kultura-taldeen izenean) eta Santamas Komisiñuak ezagutzera eman dute ere 2024ko kartela. Hona hemen egitaraua bere osotasunean lehenik, eta ekitaldi garrantzitsuenen xehetasunak ondoren.

Kartela eta diseinua: Iban Galan ‘Desegin’ / Goiko argazkia: Santamas Komisiñua.

ABENDUAK 14

BOROBILEKO DANTZA PARTE-HARTZAILEAK

Aurten borobileko dantza parte-hartzaileak berreskuratu nahi izan ditugu haurrak dantzatzera animatzeko. Hori posible izan dadin, Txikitxu eta Arrostaitz eta Lore Gazteak dantza taldeetako kideak izango ditugu laguntzen.

Musika zuzenean izango da eta horretarako Udalaxpe Txistulari taldea eta Arrasateko trikitixa eskola izango ditugu.

Ekintza hau abenduaren 14an egingo da, 13:00etan, Herriko Plazan.

ABENDUAK 21

ARTZAI TXAKURRAK TREBATZEARI BURUZKO ERAKUSTALDI DIDAKTIKOA

Kondekuan, abenduaren 21ean, 12:30tan artzai txakur erakustaldia, GIATE Gipuzkoako Artzain Txakur Elkartearekin lankidetzan eta Jose Ramon García artzainak gidatuta.

Ekitaldian artzain txakurrak trebatzeko prozesuaren berri emango da.

Horretarako, adin desberdinetako txakurrak erabiliko dira eta, trebatze-prozesuaren hainbat alderdi landuko dira: txakurkume gaztetxoen sena nola indartzen den, oinarrizko aginduak nola erakusten zaizkien, txakurrak artzaintzan duen funtzioa zein den, bertako arrazaren ezaugarriak eta arrazok zaintzearen garrantzia eta abar…

Saioa Jose Ramon Garcia artzain eta txakur-trebatzaileak gidatuko du eta berarekin batera beste pare bat artzainek ere hartuko dute parte.

BERTSO SAIOA

Abenduaren 21ean, Juan Arzamendi Musika Etxeko auditoriumean.
Bertsolariak, Alaia Martin, Ane Zuazubiskar, Aitor Tatiegi eta Andoni Egaña.
Gai-jartzailea: Olatz Zuazubiskar

ABENDUAK 22 – SANTAMAS EGUNA

GURUTZE TXERRIA

Izena: Gurutze.
Nongoa: Zaloña Aurrekoa baserria (Galartza). Luis Mari Alberdi eta Ibai Alberdi.
Pisua: 228,6 kilo inguru.

Oinguen Santamasetako protagonista aurkeztia toketan jaku. Bere izena GURUTZE da eta euskal txerri eta mestizuan (iberiko jatorrixa) arteko kruzia da.

228,6 kg inguru dauko eta Zaloña Aurreko baserritik dator guregana. Santamas bizperan ezagutu ahalkozue Herriko Plazan eta 22xan bertan herriko kalietan zihar.

HERRI KIROLAK

Abenduak 22, 12:30ean. Zaldibar frontoian.

2 Bikote mixtoren arteko norgehiagoka. Parte hartzaileak: Karmele Gisasola eta Oier Kañamares vs Uxue Ansorregi eta Julen Kañamares.

Probak:
-Harri jasotzea
-5 metroko altueran aizkorarekin ebaki bertikala
-Txingak
-Aizkorarekin ebaki horizontala
-Korrika

Lehenik eta behin, harri jasotzen bikote bakoitzeko neska harituko da, ondoren, bikote bakoitzeko mutilak 5 metrotara igo eta ebaki bertikal bat egin beharko dute.

Mutilak 5 metrotan daudela, neskak txingekin harituko dira.

Mutilek, beste ebaki bat egingo dute alturan eta neskek berriro txingei helduko diete. Mutilak jeitsi eta neskek txingekin amaitzean, aizkoran horizontalean, txanda librean moztuko dituzte egurrak eta froga honi amaiera emateko, korrika saioa egingo dute txanda librean.

Ondoren:

  • Aitzurrarekin egurra ebakitzea.
  • Trontza erakustaldia.
  • Motoserrarekin eginiko egurrezko tailla.
  • Trontza herrikoia. Irabazleei garaikurra oparituko zaie.

Iraupena: ordu eta erdi.

GANADU FERIA

Azken urteetan bezala Mikel Velasko artzain arrasatearrak artile mozketa erakustaldia egingo du. Hau bi txandatan burutuko du gazteak: lehenengoa, goizeko 11:00etan eta bigarrena, 13:00etan.

Juan Ignacio Regorigok ere zaldiak nola perratzen diren erakutsiko du Laubideko plazan. 12:00etan egingo du bere langintzaren erakustaldia.

Zorionez, aurtengo azokan hegaztiak berriz izango dira erakusgai. Urteetako gaitzak gaindituta, Arizmendiarrieta plazan hegaztiak ere izango dira. Urtero legez, behiak, pottokak, moxalak, behorrak, idiak, astoak, ardiak, ahuntzak, txakurrak… ondoan dituztela

ARTISAU FERIA

Euskal kulturaren parte garrantzitsua den nekazal mundua kalera ekarriz, ohitura eta tradizio zaharrak egungo jendartearen gurpil zoroan irakasgai izan daitezkeela sinesten jarraitzen dugu eta batzuetan desagertzen, bestetan eraldatzen zein egokitzen doan mundu hori ardatzean jartzen saiatzen gara.

1978 urteaz geroztik antolatzen du Santamas Komisiñuak artisauen azoka, iragan eta geroko lanbide zaharrak balioan jarri eta sustatzeko asmoz. Artisauek nola lan egiten duten ikusteko aukera egongo da eta baita euren lanak salerostekoa ere.
Aurten Jokin Zaitegi Plaza indartu nahi dugu eta postu gehiago egongo dira bertan kokatuta.

Berezitasun bezala Forja erakustaldia egongo da bertan. Azokan, metalaren formaren eraldatze prozesu desberdinak ikusteko aukera izango du ikuslegoak, bertan forjaren oinarrizko teknikak garatuko direlarik.

Bestalde, hilak 14, 15 eta 23an, Eskuartean elkartearen eskutik, Seber Altube plazan kokatuta egongo den artisau azokan, 3 ikastaro eskeiniko ditugu, “Zentzuak piztuz”, “Zianotipia” eta zeramika ikastaroa.

OLENTZERO, ABENDUAK 24

Goiza

Urtero bezala Txoronpia, Txoronpio, Lamia eta Galtzagorriek Olentzeroren eskutitzak jasoko dituzte.

11:20an Arrasateko auzo desberdinetatik: Munar, Uribe, San Andres, Aprendices, Musakola eta Santa Teresa. Azken geldialdia Herriko plazan egingo dute, 13:30 aldera.

Txikitxu Arrostaiz, Lore Gazteak, Arrasateko Gaiteroak, Udaxpe Txistulari taldea, Arrasateko Trikitixa Eskola, Ttakun Txalaparta taldea eta Goikobalu arduratuko dira auzoak girotzeaz.

Arratsaldea

Aurten ere Olentzeroren etorrera biziko dugu. Arratsaldeko 18:30ean hasiko da, Monterron parkean. Laguntzaile askorekin jaitsiko da Olentzero, arratsaldea eta herriko kaleak alaitzeko.

Monterronetik jaitsi ondoren, Olentzerok eta bere laguntzaileek Otalora, Maalako errabala eta Erdiko Kale zeharkatuko dituzte.

Ibilbidea amaitzean, arratsaldeko 19:00ak aldera Olentzero Herriko plazara iritsiko da eta Arrasateko haurrak agurtuko ditu.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen