Vladimir Stupnikov-ek irabazi du ‘Arrasate Hiria’ Akordeoi Lehiaketa

0
868

Gipuzkoa Lehiaketari dagokionez, senior kategorian Bela Brichzin izan da garailea. Gazte-mailan Nicolás Florea izan da, eta haur-mailan Andrés García. Ganbera Musikako 1. Lehiaketa SenS DUO bikotearentzat izan da.

Hauspoz-ek (Euskal Herriko Akordeoi Elkarteak) antolatuta, Arrasateko akordeoi hitzorduei amaiera eman zitzaien atzo.

“Hiru egunez Arrasateko herria akordeoi-doinuz bete” dela baloratu du, eta atzo sari banaketa ospatu zen Amaia Antzokian.

XXXI. Arrasate Hiria Nazioarteko Lehiaketari dagokionez, lehen fasean, 9 nazionalitatetako 11 partaidek jo zuten:

Alemania, Italia, Bulgaria, Portugal, Polonia, Txina, Frantzia, Espainia eta Euskal Herria. Hauetatik 7 sailkatu ziren azken fasera.

Bertan, akordeoirako originala den haiek aukeratutako obra batez gain, Jesús Torres konpositore zaragozarraren ‘Paráfrasis’ pieza interpretatu zuten.

Epaimahaikideei dagokienez, nazioartean ospe handia duten Iñaki Alberdi, Claudio Jacomucci, Heidi Luosujärvi, Bjarke Mogensen, Claudia Buder eta Stefan Hussong aritu dira.

Gainera, Arrasateko Akordeoi Lehiaketen historian lehen aldiz, “Arrasate Hiria” Nazioarteko Akordeoi eta Ganbera Musikako Lehiaketa jokatu da.

“Lehiaketako bakarkako mailak nazioartean duen garrantzia bermatzen du modalitate berri honek” Hauposek baloratu duenez.

“Espainiatik ez ezik, Txinatik, Portugaldik, Alemaniatik nahiz Danimarkatik etorri dira hainbat musikari”. Azkenik, SenS DUO bikoteari aitortu zaio lehen saria.

Gainera, Arrasateko SUDC elkarteak banatzen duen parte-hartzaile jatorrenari saria, aurten Julen Murga Olabegoia sestaoarrarentzat izan da.

Halaber, XLIII. Gipuzkoa Lehiaketak ere jokatu izan dira aldi berean, ostiral eta igande bitartean. Epaimahaikideek honako jotzaileak saritu dituzte:

Haur mailan lehen saria Andrés Garcíak eskuratu du, bigarren saria Bertrán Labrañak eta hirugarrena Manuel Salasek

Gazte mailan, lehen saria Nicolás Floreak eskuratu du, bigarren saria Gabriel Gómezek eta hirugarrena Alejandra Do Camiñok.

Senior mailan, lehen saria Bela Brichzinek lortu du, bigarren saria Naroa Otamendik eta hirugarrena Domenico Rasok.

Bestalde, larunbatean, XXXVI. Gipuzkoa Akordeoi Jaialdia ere egin zuen Hauspozek. Euskal Herriko nahiz estatu osoko 250 musikari inguruk euren irakasleekin prestaturiko lanak erakutsi zituzten.

“Gipuzkoa Akordeoi Jaialdia, izaera ez lehiakorreko jaialdia da, ikasleek publiko aurrean eta beste musikarien aurrean lehenengoz jotzeko aukera izatea duena helburutzat, bakarkako 7 eta taldeko beste 5 mailez osatua izan delarik”.

Aipagarria da “lehiaketako maila guztietan parte-hartzaile kopuruan eman den igoera adierazgarria, adin anitzetako pertsonek akordeoiarekiko duten zaletasuna une onean dagoen seinale”.

Lehiaketa eta jaialdiez gain, ekitaldi ugari antolatu zituen Hauspozek asteburu osorako:

Ostiralean harrera egin zitzaien parte-hartzaileei Arrasateko Udaletxean. Halaber, kalejira eta 2023ko hainbat garaileren kontzertuak izan dira, tartean iazko “Arrasate Hiria”ko txapeldun Jéssica Reis-ena.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen