Indarkeria Matxisten Aurkako Egunak aldarrikatuko du “ez bazara konponbidea, arazoa zara”

0
722

Argazkia: MB artxiboa / Kartelak eta beheko testua: Arrasateko Mugimendu Feminista.

Lehenik eta behin gogora ekarri nahi ditugu 2024an Euskal Herrian eraildako 5 emakumeak.

Beste urte batez aurtengo azaroaren 25ean kaleak hartuko ditugu. Zoritxarrez oraindik asko dira mobilizatzeko arrazoiak; gure egunerokoan erabat normalizatuta ditugu erasoak, bortxaketak, beldurra, erailketak…

Sistema heteropatriarkal, kapitalista, kolonial eta kapazitista honek forma berriak hartzen ditu bizirauten jarraitzeko. Sexu-erasoen gorakada kezkagarria, indarkeria ekonomikoa, mugak eta irregularizazio egoerak, gorroto diskurtsoen gorakada, estigma soziala, indarkeria matxista kasuen trataera bortitza komunikabideetan, zaintzen banaketa desorekatua, sare sozialetako misoginia eta jazarpen anonimoa… ez dira kasu isolatuak eta emakumeen osasun fisiko eta psikologikoan ondorio larriak dituen indarkeria sistemiko baten parte dira. Indarkeria ugari dira, baina erro bakarra!

Ez gatoz ezer berria esatera. Urteak daramatzagu gauza berdinak aldarrikatzen eta zoritxarrez aldaketak oso motel datoz. Ardurak hartzeko unea da, guztiontzat!

Arazoa zarete eraso bat salatzen dugunean gure hitza zalantzan jartzen duzuenak. Arazoa zarete lagunartean txiste eta komentarioak mozten ez dituzuenean. Arazoa zarete erasoren bat jasan dugunean justifikatzen edo errua guregan jartzen duzuenean. Arazoa zarete erasotzailea seinalatu bai baina zuen jokaerak errebisatzen ez dituzuenean. Arazoa zarete feministok urteetan zehar salatzen gabiltzan indarkeriaren aurrean erantzunkizunik hartzen ez duzuenean. Gizon gehienek konplizitatea, justifikazioa eta indarkeria matxistak desagerrarazteko eta salatzeko konpromiso falta izaten jarraitzen duzue. Zuentzako mezua zuzena da: ez bazarete konponbidea arazoa zarete!

Komunikabideek ere paper garrantzitsua jokatzen dute indarkeria matxistaren erreprodukzioan, errua erasotuarengan jarriz, tertulietan zilegitasun guztiarekin iritzia emanez, kasu bakoitzean xehetasun morbosoak azaleratzen… Sare sozialak ere egun sare eta babes izan daitezkeen arren, mezu faltsuak modu azkarrean zabaltzeko, iraintzeko, gorputzen gaineko kontrolerako bide ere badira. Indarkeria forma berriak hartzen ari da espazio birtualean eta gune hauetan ere autodefentsarako tresnak birpentsatu beharko ditugu.

Instituzioei eskatzen diegu: inbertsioa, baina behar den tokian. Prebentzio programak behar ditugu, hezkuntzan inbertsioa, esparru anitzetako profesionalentzako formakuntza, erasotuak direnentzako baliabide erreal eta efektiboak. Ez dugu polizia gehiago behar segurtasunaren izenean, ez dugu kontrolean inbertsiorik nahi. Justizian benetako inbertsioa behar dugu, programa integralak bermatuko dituena, erreparaziorako bitartekoak jarriko dituena. Prebentzioan eta kontzientziazioan oinarrituko diren programak behar ditugu.

Konponbidea eraikitzen jarraitu behar dugu, aliantza feministetatik, antolakuntzatik, borrokatik. Jarrera erreakzionarioak borroka feministaren lorpenekiko erantzunak dira. Gizonek euren pribilegioak arriskuan ikusten dituzte eta jarrera geroz eta oldarkorragoak hartzen ari dira. Horregatik, antolakuntza eta militantzia feminista ezinbestekoak dira, borroka kolektiboa, gure arteko elkarzaintza eta saretzeak egingo gaituelako askeago.

Horregatik, aurtengo azaroaren 25ean berriro ere kalera irtengo gara eta gure mezua argia da: “Ez bazara konponbidea, arazoa zara. La vergüenza va a cambiar de bando.”

GORA BORROKA FEMINISTA!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen