Ttakun txalaparta taldea, Txorbela otxotea, bertsolariak (Zigor Enbeita, Xabi Igoa, Manex Agirre eta Asier Iriondo), Arkaitz Carracedo ikerlaria, Neomak, Etxepe, Sertx eta Mikel Urdangarinek parte hartuko dute, besteak beste. Oraindik badira hainbat sarrera erosgai.
Movember mugimenduko Mondravember ekimenak aurten 10 urte betetzen ditu.
Eta hori ospatzeko, emanaldi bat antolatzen jardun dute larunbat honetarako, arratsaldeko 19:00etan hasiko den gala.
Gorka Etxabek aurkeztuko du ekitaldia, eta CIC bioGUNEko Arkaitz Carracedo ikerlariak ere hitza izango du.
Musikari dagokionez, proposamen hauek osatuko dute emanaldia: Txorbela otxotea, Ttakun txalaparta taldea, Neomak, Sertx, Etxepe eta Mikel Urdangarin.
Bertsotan Mondravember egunean parte hartu ohi duten lau sortzaile ariko dira: Asier Iriondo, Manex Agirre, Xabi Igoa eta Zigor Enbeita.
Ekitaldia posible egingo dute ere SUDC elkarteak, Arrasateko Udalak, Goienak eta Laboral Kutxak.
Sarreraren prezioa 15 eurokoa da, eta sarrerak erosgai dira ondoko estekan: https://amaiaarrasate.janto.es/eu





