Dolu perinatala “dolu oso bakartia goxotzeko” plazaratu da Esku Hutsik-ekin

0
1715

Bilkura egin dute hainbat familiak eta umeak galdu dituzten hainbat lagunek Seber Altuben. Izan ere, “zenbat eta lagun gehiagok ulertu umeak hiltzean benetan egoera hauskor batean gaudela, orduan eta lagun gehiago izango gara bata bestearekin, egoera gozotzeko”. Gainera, Esku Hutsik elkartea ospitaleetako protokoloak egiten eta batzen dihardu. Etzi, osteguna, errezitaldi irekia izango da JAMEn.

Dolu Perinatalaren Nazioarteko Eguna dugu gaurkoa, urriak 15, eta Arrasaten ere ekitaldia egin da:

Elkarretaratze bat egin dute hainbat familiak eta umeak galdu dituzten hainbat lagunek.

“Helburua dolu hau ikusaraztea izan da, izan ere, dolu oso bakartia da, oso bakarrik bizi dena”, partekatu du Eider Otxoak.

Horregatik “zenbat eta lagun gehiagok ulertu umeak hiltzean benetan egoera hauskor batean gaudela, orduan eta lagun gehiago izango gara bata bestearekin, eta egoera goxotuko dugu”.

Eider Otxoak azaldu du”oso garrantzitsua dela elkarlanean egiten ari garena, Esku Hutsik elkarteko kide bezala. Esku Hutsik elkarteak Autonomiako eta Nafarroako dolu perinatalen elkarteak batzen ditu”.

Euren lana da Hego Euskal Herriko “ospitaleetako protokoloak egitea eta bateratzea gaur egun. Protokolo horietan ospitaleko momentua batzen dugu”.

Kontuan hartzeko da “momentu hori dela gure umearekin egoten garen azkena. Izan ere, guk ordutik aurrera ez ditugu gehiagotan ikusten”.

“Horregatik oso garrantzitsua da une horretan umearen oroitzapenean jasotzea, argazkiak familian egitea, familian agurtzea, eta familiako beste kideek ere hil den umea ikustea”.

“Horixe da gure lana gaur egun, baita familiei babesa ematea dolu garai horretan ere. Horretarako gaude hemen [bilkuran] dolu hau bisibilizatzen”.

Etzi ere, urriaren 17an, errealitate honen inguruko ekitaldi bat izango dugu Arrasaten, errezitaldi ireki batekin.

Ildo honetan, “umeak hil egiten direla betidanik esan da, eta gure helburua ekitaldi honekin da egoera hori ikusaraztea”.

“Hau da, guk benetan bizitzen dugun egoera gordin hori era gozatu batean azaltzea, dantzaren, errezitaldiaren eta testigantzen bitartez”.

Ekitaldia arratsaldeko 19:00etan izango da JAMEn, eta “ordu eta erdi inguru iraungo du, gure dolu perinatala azalaratuz, horregatik kartelean azala agertzen da”.

Ekitaldi irekia izango da, tartean “umea goiz galdu duten pertsonendako, izan ere, umea lehen asteetan galdu dituzten pertsonek uste izan ohi dute euren doluak ez direla dolu”.

“Garrantzitsua da euren minak ere aitortza izatea, eurak ere ekitaldian izatea. Baita umeak eduki ezin izan dituzten pertsonak ere, infertilitate luze batean daudenak”.

“Baita oro har umea hiltzen denean zer gertatzen den jakin gura duten pertsona guztiak ere”.

Ekitaldia Esku Hutsik eta Emakume Txokoak antolatu dute elkarlanean, eta “azaleko ikuskizun bat izango da, benetan azaletik sentituko den ikuskizuna”.

Esku Hutsik elkartearen webgunea

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen