Beheko testua: Arrasateko Mugimendu Feminista.
Berriro ere, berri latz batekin esnatu ginen Euskal Herrian, 20 urteko emakume* bat eraila izan zen Iruñeko Errotxapea auzoan gizon baten eskutik. 2024 urte honetan, indarkeria matxistak Euskal Herrian uzten digun bosgarren erailketa matxista da.
Lehenik eta behin, Euskal Herriko Mugimendu Feministatik gure babes eta elkartasun osoa adierazi nahi diegu senide, lagun eta gertukoei. Ez zaudete bakarrik. Urteak daramatzagu salatzen indarkeria matxista egungo sistema heteropatriarkal, kapitalista, arrazista eta koloniala sostengatzen duen egiturazko arazo politiko eta sozial larria dela.
Kasu honen konplexutasunak indarkeria matxistak har ditzakeen hamaika forma azaleratzen ditu. Agerikoa da legeak ez duela indarkeria bere osotasunean aintzat hartzen, horrek ematen diren egoera batzuk ezkutuan uzten dituelarik. Horregatik, mugimendu feministak ez du biolentzia matxista bikote harreman afektiboen ondorio bezala soilik ulertzen.
Indarkeria matxistaren azken ondorio lazgarrienak eta ikusgarrienak erailketak badira ere, indarkeria matxistak milak aurpegi ditu eta gure bizitzako alor guztietan eragiten digu egunerokotasunean. Emakumeak emakume izateagatik soilik erailtzen gaituzte.
Horren aurrean, neurriak ipini eta arazo larri honi dagokion tamainako dimentsio politiko eta soziala eman beharrean, egungo instituzioen pasibotasun eta jendartearen konplizitatearen ondorioz, urtez urte, emakumeon aurkako erasoak gorantz doaz. Indarkeria matxistari aurre egiteko, lehen mailako arazo sozial eta politikotzat hartua izan dadin eskatzen dugu.
Egungo jarrera konplizeak alboratu eta bizi garen jendarte antolaketa sexistari aurre egiteko benetako neurriak behingoz har daitezela exijitzen dugu. Gure bizitzak daude jokoan!
Ez dugu halaber aipatu gabe utzi nahi erabat deuseztatzen ditugula indarkeria matxista gorrotozko diskurtso arrazistak hedatzeko baliatzen dituzten hedabide eta jendarteko jokabideak, arrazakeriak ez gaitu inoiz alboan izango.
Honekin batera, autodefentsa feministarako deia egiten dugu. Bizitzaren aldeko apustu erradikala egiten dugu eta badakigu antolakuntza eta autodefentsa izango direla gure tresna eraginkorrenak.
Feministok erantzuteko prest gaude! Martxan jarraituko dugu, elkarrekin borrokan denak aske izan arte!




