Testua, argazkiak eta bideoa: herritar bat.
Arrasateko udal kiroldegiko tenis-pisten egoeraren inguruan idazten dut, hauen mantentze-lan eskasa salatzeko eta instalakuntza duinez gozatzeko eskubidea aldarrikatzeko.

Arrasateko kiroldegiko erabiltzaile bezala, lotsagarria iruditzen zait urtero urtero kuota esanguratsu bat ordaintzea eta pistak dauden egoeran daudela, egun askotan, erabili ezin izatea. Izan ere, pisten gaur egungo egoera arriskutsua da erabiltzaileentzat, garbitasun faltaren eta itoginen ondorioz, zorua oso irristakor dago eta istripuak izateko arriskua nabarmena da.

Urteak daramatzagu egoera berdinean, kiroldegian bertan gutxieneko mantenketak egin ditzaten eskatzen, baina ez da aldaketarik sumatzen. Halaber, bertatik emandako konponbide bakarra, “erratz” eta trapu zahar bat dira, pistetan bertan uzten dituztenak erabiltzaileek garbitu ditzaten.

Herrian gutxiengoa den kirola bada ere, adin guztietako jendeak jokatzen du, eta hauek dira dauzkagun instalazio bakarrak. Horregatik, beharrezkoa ikusten dugu neurriak hartzea.
Azkenik, argitzea, ez dugula berrikuntzarik eskatzen, beharrezkoak diren mantetze-lanak egitea baizik. Urteetan garbitu ez den zorua behar bezala garbitzea eta ahal den neurrian itoginak konpontzea.




