Aurreko Udal-gobernuak, udal-txostenen aurka, erabaki zuen kontratatzea TAO eta radarraren arau-hausteak zigortzeko eta dirua biltzeko zerbitzua

0
1417

Besteak beste, Udaleko Kontuhartzailetzak, sententzia judizialetan oinarrituta, Udal-gobernuari 2022an ohartarazi zion zerbitzua Udalak berak eman behar zuela. Hala ere, EAJ-PNV eta PSEren Gobernuak enpresa bati esleitu zion zerbitzua, 60.500 euroko aurrekontuarekin. Baita 2023an kontratua luzatu ere. Gaur egungo Gobernuak azaldu du “hainbat ebazpen judizialek honelako kontratuak legez kanpokoak direla azaldu dutela”. Ondorioz, EH Bildu – Elkarrekin Arrasateren Gobernuak kontratua ez berritzea erabaki du.

Argazkia: MB artxiboa.

2022an Udal-gobernuak kanpo-zerbitzu bat kontratatzeko asmoa agertu zuen:

Arrasateko TAOko eta radarreko arau-hausteak zigortzeko eta horietatik dirua biltzeko zerbitzua.

Gai hau, besteak beste, Udal-kontuhartzailetzak eta udal-teknikariak aztertu zuten, eta ondorengoaz ohartarazi zuten Udal-gobernua:

Epaitegietako jurisprudentzian oinarrituta, “soilik aholkularitza eta laguntza teknikoa kontratatu” ahal zirela.

Era berean, sententzia judizialek ebatzia zuten “aginte ahalmenak administrazioak zuzenean burutu behar” zituela.

Hau da, Udalari berari zegokiola zerbitzu hori egitea, kanpoko enpresa bat kontratatu barik.

Alabaina, EAJ-PNV eta PSEren Udal-gobernuak martxoaren 17ko bileran kontratatzea onartu zuen, 60.500 euroko aurrekontuarekin.

Horren ondoriozko adjudikazio-prozedura “irekia” izan zen, “esleipen irizpide anitzak erabiliz”.

Udal-gobernuak Vialine Gestión SLri esleitu zion zerbitzua, eta 2022ko uztailean zerbitzuaren kontratua sinatu zuen, lehen aldiz.

Ordurako, Udal-gobernuak “Udaletxeko idazkariaren eta kontu-hartzailearen kontrako txostena jasoa” zuen, egungo Udalak azaldu duenez.

Hortaz gain, aurreko Gobernuak 2023ko maiatzaren 18an kanpo-zerbitzua Vialineri luzatu zion, 68.750 eurorekin.

Gaur egungo EH Bildu – Elkarrekin Arrasateren Gobernuak azaldu du “hainbat ebazpen judizialek honelako kontratuak legez kanpokoak direla azaldu dutela behin baino gehiagotan”.

Ondorioz, gaur egungo Gobernuak kontratua ez berritzea erabaki du 2024ko irailaren 5eko bileran.

Halaber, “legeak dioen bezala, udal-langileek egingo dute lan hau aurrerantzean”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen