‘Orratz-begia’ gerrako haurren memoria historikoa Kulturatera iritsi da

0
1124

Gaur goizean, Orratz begia erakusketaren aurkezpen ofiziala egin da Arrasateko Kulturate Kultur Etxean. Erakusketa ostegunean, irailaren 19ko 18: 00etatik aurrera egongo da irekita. Intxorta 1937 Kultur Elkarteak, Arrasateko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Judith Martínez Estrada eta Mónica Jato Birminghameko Unibertsitateko irakaslearen laguntzarekin antolatu dute erakusketa, eta hiru astez egongo da zabalik.

Inaugurazioa, ostegunean izango da eta bereziki gerrako biktimen familiei zuzendutako ekitaldia izango da. Hori dela eta, herritarrei erakusketa hurrengo egunetan bisitatzeko eskatu zaie, irekiera ekitaldian gertukoei lehentasuna emateko. Ekitaldiak zeremonia berezia izango du, hasteko Kulturateko aretoan, Ines Osinaga eta Joseba Sarrionandia izango dira, testigantzetan oinarritutako poesia eta abestiak kantatzen. Ondoren, Sebero Altube plazan, Goikobalu, Txorbela, Arrostaitz eta Arrasate Musikal izango dira omenaldia egiteko eta aurreskua egingo da.

Aurkezpen prentsaurrekoan, proiektuan inplikatutako hainbat pertsona ezagunek parte hartu dute: Julia Monge, Intxorta 1937 Elkarteko ordezkaria, Maider Morras, Arrasateko alkatea, Judith Martínez Estrada artista bisuala, eta Mónica Jato, Birminghameko Unibertsitateko irakasle eta ikertzailea. Horietako bakoitzak erakusketa honen garrantzia nabarmendu zuen 1936ko Gerra Zibilean erbestera joan behar izan zuten Gipuzkoako haurren memoria historikoa berreskuratzeko. Laurak oso eskertuta, pozik eta emozionatuta ageri izan dira erakusketaren inguruan.

Memoria historikoa eta erbestea ezagutzeko ibilbidea

“Orratz-begia” erakusketaren helburua 1937an gerra eta 1936ko kolpe militarrean ebakuatu zituzten euskal haurren esperientzia ikusaraztea da. Testigantzen, argazkien, dokumentuen eta balio historikoa duten objektuen bidez, bisitariak erbestean eta deserrotzean bizi izan zirenen historia pertsonaletara hurbildu ahal izango dira. Gainera, 10 euroko prezioa duen “Orratz begia, 1936 – Gipuzkoako gerra haurrak” liburua egongo da salgai, errefuxiatuen istorioak eta testuingurua sakon jasotzen dituena.

Intxorta 1937 Elkarteko Julia Mongek azpimarratu zuen proiektu hau “Egia, Justizia eta Erreparazioa” bilatzearen baitan kokatzen dela, eta ” Gerrako umeen ondaren gizartean erakustean, guretzako amets bat da eta oso pozik gaude”. Proeiktu guztirako, hainbat erakunde eta aditurekin elkarlanean egiten aritu dira. Judith Martínez Estrada artista bisualak, ikuspegi artistiko eta garaikidea eman dio memoria historikoari, 1937an Erresuma Batura ebakuatu zituzten haurren erbestealdiaren inpaktua eta emozioak aztertzen dituzten ehunak eta paisaia digitalak erabiliz.

Iraganarekin elkarreragiteko aukera

Mónica Jato, Memory as Transgenerational Care taldearen koordinatzaileak azaldu duenez, Orratz begia erbesteratuen lehen eta bigarren belaunaldiko kideekin Arrasaten egindako tailer batzuen ondoren sortu zen. Topaketa horietan, oroimenaren eta zaintzaren arteko harremanak aztertu ziren, eta arreta berezia jarri zen familia horien historiak denboraren poderioz ez galtzeko garrantzian.

Erakusketa

Arrasaten izan ondoren, “Orratz-begia” erakusketak Gipuzkoako beste herri batzuk zeharkatzeko asmoa du, erbestean eta gatazkan bizi izan ziren euskal haurren testigantza pertsona gehiagori helarazteko. Ibiltaritza horri esker, erakusketan jasotako istorioak kontatzen eta gogoratzen jarraituko da, eta, horrela, memoria historikoaren legatuari lagunduko zaio. Kulturateko erakusketa, beraz, aukera paregabea izango da iragan hurbilean murgiltzeko eta gerrak euskal familia askorengan utzitako zauri sakonak ulertzeko.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen