Zapatu honetan, irailak 14, Barru Fest ospatuko da. Underground eszenari ekarpen xumea egiteko asmoarekin sorturiko proiektua. “Gu sortu ginen enbor beretik sortuko direlako besteak”. Azken Sustraiak, Rebel Noise, Estutu eta Oi! Se Arma taldeak arituko dira Gaztetxean. Jaiaren inguruan hau aipatu dute Barru Fest antolakuntzatik.
Zer da Barru Fest? Nondik dator?
Barru Fest zorakeria batetik hasitako proiektua da. Dena Bergaran hasi zen, gabonetako egun batean Boniato Crew kuadrillako batzuk farran geunden eta elkarrizketen batean kuadrillaren egun bat egiteko ideia atera zen. Hau da, egun bat antolatzea gure kuadrillarentzat, hasiera batean kontzertuak ez ziren garrantzitsuenak. Kuadrillaren barruan ideia zabaltzen hasi zen eta antolatzen hasi ginen. Hau lehenengo edizio izango da eta datorren urteetan gehiago egongo dira.
Nondik dator Barru Fest izena?
Barru gure kuadrillan erabiltzen dugun hitz bat da. Esate baterako, poteoan edo farran gaudenean “Goazen taberna horretara?” guk “Barru” erantzuten dugu.
Nola antolatu duzue jaialdia?
Ostiraletan kuadrillako batzuk DAT tabernan batzen ginen poteoan eta bertan antolatzen genuen. Ostiraletan jendea lanetik eta entrenamenduetatik irtetean bertan batzen ginen, Barru Fest antolatzea aitzakia zen trago batzuk hartzeko. Gainera, gure kuadrillakoetaz gain PHC kuadrillako batzuk ere batzen ziren eta bi kuadrillen artean antolatu dugu.
Zein helbururekin burutu duzue ideia hau?
Ondo pasatzea da gure helburua. Izan ere, ez dugu dirurik irabazten, baizik eta egun osoko jaiarekin gastatu. Gainera, guretzako egun bat izatea guztiok batzen gaituena. Egia esanda, ez da jendeari begira egin den festa bat, publikoari begira egingo den bakarra kontzertuak dira; gainerakoak antolakuntzako kuadrillentzat ekintzak dira.
Zer espero duzue zapatuan egunean zehar?
Ondo pasatzea. Giro ona egotea baina batez ere ondo pasatzea. Egia da, ez dugula egitaraua atera. Goizean goiz gure artean futbol partida bat jokatuko dugu, hasiera batean Zaldibarren jokatu behar genuen, azkenean Iturripen izango da. Ondoren, poteoa egingo dugu. Bazkaria Saran egingo dugu eta 100 pertsona inguru animatu gara. Bazkal ostean, berriz ere poteoa eta azkenik 21:00etan kontzertuak hasiko dira Gaztetxean.
Azkenik, kontzertuen inguruan zer aipatu dezakezu?
Kontzertuak ederrak izango dira. Azkenean, datozen taldean Oi! Se Arma taldea kanarietatik datoz eta jende askok ez ditu ezagutuko. Estutu eta Rebel Noisek disko berria aurkeztuko dute. Batzuk jende asko espero dute eta beste batzuk ez hainbeste, nik kontzertuetara jendea etortzera animatzen dut.





