Iritsi da iraila eta honekin batera Arrasateko Ludotekek eta Gaztetxokoek ere ohiko jardunari helduko diote. Zerbitzu biak aisialdi hezitzailean oinarritzen dira, herriko haurren eta nerabeen interesak, beharrak eta egoera emozionala erdigunean jarriz.
Ludotekak: irailaren 9tik aurrera ate irekiak
3-11 urte bitarteko haur guztiei zuzendutako zerbitzuak dira. Jolaserako eta gozamenerako guneak, ondo pasatzeko, pertsonen artean harremanak sortzeko, auzoan eta herrian partehartzeko, sormena eta emozioak azaltzeko… beti ere, berdintasuna, euskara eta inklusioa oinarri hartuta.
Irailaren 9an zabalduko dituzte ateak Okendo, Santa Marina eta Usaetxeko ludotekek, astelehenetik egubakoitzera, 17:00etatik 20:00etara.
Iraila osoan ate irekiak egongo dira. Egun horietan, 3 ludotekak zabalik egongo dira, zerbitzuak bertatik bertara ezagutzeko, hezitzaileekin hitz egiteko, zalantzak argitzeko, … Urritik aurrera, aldiz, izena emanda egotea eskatuko da ludotekan parte hartzeko.
Izen emateak: Ludoteketan (17:00etatik 20:00etara), Gazte Bulegoan edo online izenemateak.arrasate.eus
Hiruhileko bakoitzerako edo urte osorako izena emateko aukera dago. Kuota: 30 € urte osoan / 10 € hiruhileko.
Gaztetxokoak: irailaren 10etik zabalik
12 eta 17 urte bitarteko nerabeei ere ondo pasatzeko eta euren garapenean esanguratsuak diren arloak lantzeko espazio bat eskaini nahi zaie: aisialdia, pertsonen arteko harremanak, partehartzea, sormena, autonomia, emozioak, …
Irailaren 10ean zabalduko dira auzoetako gaztetxokoak, martitzenetik egubakoitzera, 17:00-20:00.
Musakolaren kasuan, aurtengo ikasturtean lokal berria egokitzeko obrak egingo dira. Hauek amaitu bitartean, auzoko nerabeek alkatetza ondoko lokalean biltzeko aukera edukiko dute.
GAZTELEKUA
Nerabeei zuzendutako asteburuetako aisialdi eskaintza Gaztelekutik bideratzen da, Nafarroa etorbidean dagoen tren geltoki zaharrean. Irailaren 13an zabalduko da, 18:00etan. Gaztelekua astebururo zabaltzen da, ordutegi honekin: egubakoitzean 18:00-21:00 / zapatu eta domekan 17:00-21:00. Informazio zabalagorako, Gazte Bulegora jo, 943 252065 telefonora deituz edo gaztebulegoa@arrasate.eus helbidera idatziz




