Urduri zaude asteburuari begira?
Momentuz ez, orain dela 2 aste irten zen albistea eta momentuz urduritasun puntu bat badaukat baina ez da gehiegi. Nik uste dut, partidu egunean bertan urduriago egongo naizela.
Albistea aipatu duzu oraintxe, nola jaso zenuen ASPEren deia eta espero zenuen?
Astelehen goizean deitu zidan Inaxio Errandoneak, Aspe-ko zuzendari komertzialak, beraien taldeko parte izatea nahi zutela eta ea gustatuko litzaidake, nik noski baietz esan nion. Eta, ez nuen espero eta izugarrizko sorpresa izan zen. Azkenean, beti zaude prest horrelako dei bat jasotzeko, baina, inoiz ez dakizu iritsiko den ala ez, eta iritsi zenean oso pozik jaso nuen.
Zure entrenamenduei begira, orain profesionaletan aldaketak egon dira?
Aldaketa nabarmenena entrenamendu guztiak profesionalekin direla. Entrenamendu kopuruak ez ditut aldatu, baina mailan, exijentzian eta seriotasunean badago aldea. Azken finean, maila oso altua dago entrenamenduetan eta erritmo aldaketa asko nabaritzen da.
Zure bizitza pertsonalean aldaketarik izan al da profesionaletara jauzi egin ondoren?
Egia esanda, egun hauek oso politak izan dira. Jendean kaletik gelditu nau eta hori izan da aldaketa handiena. Baina, orain arte bezala, nik nirea egiten jarraitu behar dut, hau da, Arrasate Pilota Taldean umeak entrenatzen jarraituko dut.
Domekako debutari begira, nola ikusten duzu partidua?
Partidu gogorra daukat aurretik, azken orduan aldaketak egon dira Xabi Tolosa eskumuturrean minduta dagoelako. Orduan, nik Bikuñarekin jokatu dut eta Egiguren V-Aldabe bikotearen aurka. Hala ere, partidu zail eta gogorra izango da, hemendik aurrerako guztiak bezala. Debuta oso partidu espeziala izango da eta ea itxura ona emateko aukera dudan, 22 tantoetara iritsiz.
Eta, nola ikusten duzu zure burua norgehiagokari begira?
Ni konfiantzarekin nago, uste dut joku puntu onean harrapatu didala debutak. Nire buruan konfiantza daukat eta horrekin ea partidua aurrera eramateko gai garen.
Harmailetara begira, Uarkapen zer espero duzu domekan zure etxean jokatuz?
Espero dut ahalik eta jende gehien hurbiltzea. Zaila izango da Santamasetako giroa izatea, baina gertu geratzea sinatuko nuke. Uste dut, oraindik taberna batzuetan sarrera batzuk daudela eta ea ahalik eta jende gehien animatzen den animatzera.
Gainera, herrian izanda gauzak errazten ditu. Niri non debutatu galdetu ezkero Arrasaten erantzungo nuke. Lagun asko eta ia familia guztia hurbilduko dira, oso polita izango da.
Etorkizunari begira, nola ikusten zara maila honetan eta zer espero duzu?
Lehenik, mailari pixkat ohitzea, hasieran aldaketa handia izango da, baina nik uste dut prestatuta nagoela horretarako. Partidu guztietan nire maila onena eman eta nire maila hobetzea.
Azkenik, baduzu areriorik bere aurka jokatzea gustatuko zitzaizuna?
Asteburuan jokatu behar dudanen aurka ia ilusioa egiten dit. Baina, polita izango zen Altunaren aurka jokatzea, beti dagoelako punta puntan, eta bere aurka jokatzea nire ametsetako bat betetzea izango zen.




