Behar diren osasun-profesionalak jar ditzala eskatuko dio Udalak Osakidetzari

0
768

Besteak beste, “eskualdeko Osasun Mentaleko anbulategia deseginda dagoela” salatu du EH Bilduren mozioak. Oro har, gaitzetsi du Osakidetza “egoera kaxkarrean” dagoela. EAJ-PNVek egotzi dio “egoera katastrofista” adierazi izana, eta adierazi du arazo honi lotutako “eskumen batzuk estatu espainiarrak” dituela. PSEk adierazi du “arazo konplexua”ren konponketan “administrazio ezberdinek parte hartu behar dutela, unibertsitateek esaterako”. Elkarrekin Arrasate: “Ospitaletako lehen harriak jartzeko alderdi guztiok gaude, baina zerbitzuaren duintasuna defendatzeko ez”.

Goiko framea eta beheko bideoa: Arrasateko Udala.

Ezohiko Udalbatzarra egin da gaur arratsaldean, eta besteak bestea, EH Bilduk aurkeztutako mozioa aztertu da. Hona hemen mozioa hitzez hitz:

Zioa

Osakidetzan, gainerako bizitzako eremuen antzera, etorri dira uda sasoiko oporrak, beharrezkoa den deskantsua hartzeko momentua. Halaber, aipaturiko oporrak urtero iritsi arren, urtero inolako planifikazio eta aurreikuspenik gabe aurkitzen dira Osakidetzako langileak; ondorioz, urtetik urtera egoera larriagotzen doa. Izan ere, jada Osakidetzak pairatzen duen osasun-profesional gabezia ez delako soilik uda sasoiko oporretarako, gainerako oporretakoa edota beste era batera esanda, gertakizun puntual bat. Urteetako planifikazio gabeziak eta pertsonal politika ez egokiak gaur egun Osakidetza aurkitzen den egoera kaxkarrera eraman dute, horren guztiaren ondorioak herritarrek euren osasun-arretan pairatzen dutelarik; nahiz eta osasun-langileak ahal duten guztia egin… dituzten baldintzetan gero eta zailagoa izan da euren gain-esfortzuari esker arretaren kalitatea mantentzea.

Pandemia baino askoz ere lehenago, urteak lehenago, jasa aurreikusten zen Osakidetzan urte hauetan egongo ziren jubilazio kopuru altuak. Hala adierazten zuten, osasun-eragile, sindikatu, aditu eta baita Osasun Sailak ere. Baina urteetan ez zen eta ez da horri aurre egiteko neurririk hartu. Halaber, Jaurlaritzak ere Europatik ohartarazpenak jasoak zituen, ezartzen ari zen kontratrazio pertsonalagatik, zeinaren bidez tenporalitatea sustatu den eta horrek, Osasun Etxeetan mugikortasun handia, desatxikimendua eta baldintza kaxkarrak ondorioztatu dituen. Poliki-poliki plantillaren mehetzea ekarriz.

Ondorioz, gaur da eguna non gure herriko osasun-etxeen egoera, Etenik Gabeko Arreta Guneena edota Emergentziak Erakunde Sanitario Integratuarena jasanezina dela. Eta udalok, horren aurrean ezin gara ixildu, ikusita horrek guztiak gure herrietan dituen ondorioak, batez ere herritar zaurgarrienetan, osasun-arreta jarraipena behar dutenean eta oro har herritar ororengan duen eraginagatik. Debagoienean ere, egoera gero eta kaxkarragoa da, jasanezina ez esateagatik. Horren lekuko dira, eskualdean ditugun bi anbulategi nagusi, bai Beragarako eta bai Arrasatekoa.

Horrez gain, eskualdeko Osasun Mentaleko anbulategia deseginda dago. Ez dago psikiatrarik, dagoena bajan dagoelako eta ez dutelako ordezkatu, eta ez dago psikologorik. Psikologoaren plaza hutsik dago. Nahiz eta, lanpostu biak egiturazko lanpostuak izan arren eskualdean beharko genukeen lanpostuen kopuruaren azpitik egon, horiek ez daude estalita.

Ondorioz, arestian aipatutako arrazoiengatik eta egoeragatik, Arrasateko Udalak ondorengo mozioa onartzen du etea bere ondorioetarako Osasun Sailera igorriko ditu:

1.- Arrasateko Udalak eskatzen dio Osasun Sailari, herritarrei kalitatezko arreta ziurtatzeko Donostiako osasun-etxe eta Etenik Gabeko Arreta Guneetako ordutegi eta txanda guztietan beharrezkoak diren espezialitate eta kategoria guztietako osasun-profesionalak ezar ditzala, baita medikuak ere. Horretarako, has dadila pertsonal politika eraldatzen eta Osakidetzako mahai sektorialean adosten epe motz, ertain eta luzera begirako neurriak osasun-langileen ordezkariekin.

2.- Arrasateko Udalak eskatzen dio Osakidetzari, Debagoieneko ESIrako udako opor sasoiari begira kontingentzia plan propioa definitu eta adostu dezala bertoko osasun-langileekin.

3.- Arrasateko Udalak eskatzen die Osasun Sailari eta Osakidetzari, Etenik Gabeko Arreta Guneetako eta Osasun Etxeetako zein udal herriko zerbitzuetako ateetan eta iragarki tauletan osasun-zerbitzuetan izango den ordutegia eta egongo diren zerbitzuak gardentasunez azaltzeaz gain, komunikabideen bidez ere, aurrez herritarrei jakinaraztea. Horrela herritarrek momentu oro jakin dezaten nora jo, izan dezaketen gaixotasun edota larritasunaren arabera.

4.- Arrasateko Udalak eskatzen die Osasun Sailari eta Osakidetzari, Emergentziak ESI atera dezatela dimentsionamendu azpitik eta behar dituen kategoria guztietako langileak ezar ditzala bai herritalde bakoitzeko koordinazio zentroetan, bai eta anbulantzietan.

5.- Arrasateko Udalak eskatzen die Osasun Sailari eta Osakidetzari, Debagoieneko Osasun Mentaleko anbulategian bete ditzala premiaz hutsik dauden psikiatria eta psikologiaren lanpostuak. Halaber, eskualdean herritarren artean dauden beharrak ikusita, psikologiako lanpostu gehiago ezarri eta bete ditzala, besteak beste maila komunitarioan eta osasun mentaleko sustapen, zaintza eta prebentzioa garatzeko.

EH Bildu:

“Herritarrek euren osasun-arretan pairatzen dutena” salatu du EH Bilduren mozioak. Oporretan egoera larriagotzen da. Gainera, Debagoieneko “Osasun Mentaldeko anbulategia deseginda dago”.

Mozioak ere eskatzen du Arrasateko Udalak Osakidetzari eskatuko dio “beharrezkoak diren espezialitate eta kategoria guztietako osasun-profesionalak ezar ditzala, baita medikuak ere”.

Tartean, “hutsik dauden psikiatria eta psikologiaren lanpostuak”. Era berean, “herritarrei gardentasunez jakinaraz diezaizkiela ordutegia eta egongo diren zerbitzuak”.

Mozioa onartu da, eta horri esker Arrasateko Udalak mozioko eskaerak Osakidetzari egin ahalko dizkio.

EAJ-PNV:

EAJ-PNVren hitzetan, mozio honen helburua da “alderdien arteko epe laburreko eztabaida bat bilatzea”.

Bere hitzetan, mozioak Osakidetzaren egoera “katastrofista” adierazten du, eta arazoaren “pisu dena administrazio batean jartzen da”.

Ildo horretan, Ander Garay zinegotziak adierazi du arazo honi lotutako “eskumen batzuk estatu espainiarrak” dituela.

Gehitu duenez, arazoa konponduko da “elkarlanarekin, lanarekin eta jorratzen behar den tokian jorratuta”.

PSE:

PSEk adierazi du arazo hau “konplexua dela” eta osasuneko profesional faltak kaltetzen duela espainiar estatu “guztiko osasun sistema”.

Arazoa konpontzeko “soluzio konplexuak behar dira, eta administrazio ezberdinek parte hartu behar dute, unibertsitateek esaterako”.

“Beharrezkoa da ere akordio bat osasun-zerbitzuetako kudeatzaileen eta sindikatuen artean” horrela “lan-baldintzak erakargarriak” lortzeko. Halaber, “maila goreneko inpultso politiko bat” behar da.

Elkarrekin Arrasate:

Elkarrekin Arrasatek eskerrak eman dizkio EH Bilduri mozioa aurkezteagatik, izan ere, “ikus daiteke Osakidetzak beherakada izugarria egin duela”.

“Hori ukatzea ulertzeko zail egiten zait” adierazi du Eva Abuin zinegotziak, gehituz “eraikin berriak edota euren lehen harriak jartzeko, alderdi guztiak gaude, baina badirudi zerbitzuaren duintasuna defendatzeko denok ez gaudela”.

Bozketaren emaitzak:

Aldeko bozkak: 10 (EH Bildu eta Elkarrekin Arrasate)

Aurkako bozkak: 9 (EAJ-PNV eta PSE)

Puntua bere osotasunean [bideoa]:

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen