Iturripe berrirako oinarriak onartu ditu Udalak: kiroldegi handiagoa, frontoi berria, taberna, gimnasioa,…

0
1356

Gaur onartu ditu Udal gobernuak Tokiko Gobernu Batzordean Iturripeko kiroldegi berriaren proiektua idazteko pleguak. Plegu hauek kiroldegiaren proiektuak jaso beharreko edukiak definitzen ditu. “Berrikuntza asko ditu proposamen berriak, eraikin huts bat izatetik funtzio soziala izango duen proiektua izatera pasako da, auzokideentzako zein kirolarientzako leku erreferente bat bilakatuko da, elkargune izateko asmoarekin” adierazi du Maider Morras Azpiazu alkateak.

Lehiaketara aterako den proiektuaren idazketak hiru interbentzio nagusi jaso beharko ditu: eraikin berri bat egitea, gaur egungoa birgaitu eta berriarekin parekatu, frontoi berriak egitea eta urbanizazio erabilgarri eta jasangarria egitea. Proiektua bere osotasunean NZEB (Kontsumo Ia Nuluko Eraikinak) irizpideekin egin beharko da. Hau da, errendimendu energetiko oso handia bermatuko duen eraikuntza-konplexu bat izango da. Era berean, behar den ia energia txikia iturri berriztagarriek sortutako energien bidezkoa izango da.

Gaur onartu den eta lehiaketara aterako diren plegu hauek urtebeteko epea beharko dute beraien helburua lor dezaten: kiroldegi berriaren proiektua idaztea. “Dena ondo bidean urte amaieran hasiko dira aurreproiektuaren erredakzioarekin, eta urtarril-otsaila artean espero dugu lehen proposamena izatea, maketa batekin lagunduta. Maketa hau herritarren eskura jarriko dugu, guztiek proiektua ezagutzeko. Aurreproiektuaren ostean idatziko dute proiektu osoa eta, dagozkion epeak errespetatuz, kiroldegi berriaren eraikuntza lanak 2025eko urte amaiera, edo 2026ko lehen hilabeteetan hasiko dira” Morrasen esanetan.

Pabiloia birgaitzea eta kirol-gune osoa funtzionalki integratuta egotea

Pabiloi berri bat egingo da egungo kiroldegiaren ondoan, eta biak integratuko dira kiroldegi berri eta bakarra osatuz. Gaur egungo eraikinak 2.170 m2 ditu , eta proiektuaren helburua pabiloi hori birgaitzea izango da, kirol-gune osoan formalki eta funtzionalki integratuta geratzeko.

Pabiloi berriak 4.206 m2 inguru izango ditu, eta era ofizialean kirol ugariren luzetarako jokoa ahalbidetuko du (eskubaloia, areto-futbola, areto-hockeya, saskibaloia, minibasketa, badmintona, tenisa eta boleibola), baita zeharka hiru eremu sortzea ere, bakoitza 500 m2 ingurukoa, sabaitik automatizatutako bi errezelen bidez bereizita. “Modu honetan, espazioa ahalik eta gehien aprobetxatuko dugu, aldi berean kirol ugari egiteko aukera izanez” adierazi du Garazi Etxeberria San Miguelek, Hirigintza, Trantsizio Ekologiko eta Mugikortasun zinegotziak. Aipatutakoez gain, bi gimnasio izango ditu, herritarrek eta kirol klubek erabiltzeko.

Osagarri gisa, erabilera anitzeko bi areto jarriko dira, barruko kirolak egiteko (arte-martzialak, kontaktu-kirolak, kirol aerobikoak, jarduera gidatuak, etab.) edo publiko espezifikoentzako ikastaroak antolatzeko. Kirol klubentzako bulegoak eta bilera gela bat ere aurreikusten du proiektuak. Eraikinak berak taberna bat izatea ere aurreikusten da.

Halaber, proiektuaren oinarriek frontoien birkokatzea bilatzen du, hala nahi baitu Udalak. “Modu honetan Aramaio ibaiaren erribera liberatzea lortuko genuke, gaur gaurkoz ibaiaren gainean baitaude eraikita frontoiak” adierazi du Etxeberriak. Frontoia birkokatzearekin batera, harmaila txiki bat egiteko aukera aztertuko da.

“Uribe, Erguin, Arimazubi eta Munarreko bizilagunen elkargune izatea nahi dugu espazio hori”

Etorkizuneko Iturripeko kiroldegiak, kirolariei zerbitzua emateaz gain, inguruko auzokideentzat elkargune izatea nahi du gobernuak. “Uribe, Erguin, Arimazubi eta Munar auzoetako bizilagunen elkargune izatea nahi dugu espazio hori, kirolari eta auzokideen ekintzei lotutako gunea. Horregatik sartu nahi izan dugu taberna bat gune horretan, kirol lehiaketak daudenean zerbitzua eskaintzeaz gain, egunerokoan ere bizilagunen elkargune izateko” adierazi du Maider Morras Azpiazu alkateak. 

Kiroldegia izateaz gain, erabilera anitzeko eraikinak izango dira, besteak beste herri bazkariak, festak, ekitaldiak, kontzertuak, ospakizunak edota hautesleku izatea. “Gustatuko litzaiguke hauteskundeak ospatzen direnean Iturripe berrian kokatzea Erguin eta Uribeko hauteslekuak, sarrera irisgarria izateko eta antolaketa ordenatuago bat egiteko”. Kanpoko berrurbanizazioa irizpide ekologiko eta berdeekin egiteko proposamena jasotzen da.

Proiektu inklusiboa eta genero berdintasunean oinarrituta

Kiroldegiaren proiektu berriak indarrean dauden arau teknikoak betetzen direla justifikatzeaz gain, edozein pertsonak aurreikusitako espazioen benetako erabilera-berdintasuna lortzea nahi da, haien gaitasunak edozein direla ere, horregatik, proiektua bere osotasunean inklusiboa izatea nahi du Udalak. Beste helburuetako bat da erreferentziala izatea genero-berdintasunean, emakumeek kirola egitean eta zerbitzu publikoetara sartzean duten arrakala hautsiz. Horregatik, idazten den egikaritze-proiektuak honen genero-eraginaren ebaluazioa egingo du.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen