Microliquid enpresan greba mugagabea hastear ‘enpleguaren defentsan’

0
1552

Testua: LAB Argazkia: TE Connectivity

Astelehenean abiatuko dute lanuztea, eta goizetik ekingo diete mobilizazioei. Enpresari prozesua geldiarazteko eskatzen diote LAB sindikatuko langileen ordezkariek.

Ekainaren 19an, Microliquid-eko (Te Connectivity) zuzendaritzak Enpresa Batzordeari jakinarazi zion Enplegu Erregulazio Espediente bat (kaleratze kolektiboa) aplikatzeko asmoa zuela, eta hogei bat langileri eragingo diela, krisi-egoera batean kostuak aurrezteko aitzakiarekin. Honek langileen herena kaleratzea ekarriko luke.

Enpresa batzordea (LABeko 5 kidek osatutakoa) hasieratik kaleratzeen aurka agertu da, batetik enpresak ez duelako nahikoa informazio ematen argudiatutako arrazoiak justifikatzeko eta, gainera, langileen zati handi bat oporretan dagoelako prozesuaren negoziaketak iraungo duen bitartean. Horregatik, enpresari prozesua geldiarazi eta kaleratzeak bertan behera uzteko eskatzen diote langileen ordezkariek.

Zuzendaritzak prozesuarekin aurrera jarraitzen duenez, aste honetan langile batzarra egin dute, eta asanbladaren %95 baino gehiagoren babesa jasota, uztailaren 1etik aurrera greba mugagabeari ekingo diote.

Astelehenetik aurrera, beraz, langileak greban egongo dira enpresari kaleratzerik ez egiteko exijituz, eta elkarretaratzea egingo dute enpresa aurrean 8:00-10:30 bitartean. Jarraian manifestazioa egingo dute Arrasateko kaleetan zehar, geldialdi bat eginez parke teknologikoko biribilgunean 11:00etatik 12:00etara.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen