Sindikatuak jakitera eman du enpresako zuzendaritzak EEE bat aplikatzeko asmoa agertu duela. LABek salatu duenez “2023 urteko kontuak falta direla (balantzea, galdu-irabazien kontua eta memoria)”. Horregatik langileria batzar batera deitu du ekainaren 25erako.
Argazkia eta beheko testua: Arrasateko Langile Abertzaleen Batasuna.
Ekainaren 19an, Microliquid-eko (Te Connectivity) zuzendaritzak Enpresa Batzordeari jakinarazi zion EEE bat (kaleratze kolektiboa) aplikatzeko asmoa zuela, eta hogei bat langileri eragingo diela, krisi-egoera batean kostuak aurrezteko aitzakiarekin.
Neurri horren aurrean, Microliquid-eko Enpresa Batzordeak argibide batzuk eman nahi ditu:
-Oraindik ez dugu kaleratze kolektiboak eragindako langileen zerrendarik.
-Ez ditugu EEEa aplikatzeak ekarriko lituzkeen aurrezkiaren zenbatespenak, partidatan banatuta. Informazio hori garrantzitsua da neurria proportzionala den egiaztatzeko.
-2023ra arteko fakturazioaren bilakaera positiboa izan da.
-Azken bi urteetako emaitza garbia hobetuz joan da. Ebidta hobetu egin da azken bi urteetan. Jarduera errentagarria da.
-Enpresak 2024rako aurreikuspen negatiboak aurkeztu ditu fakturazioari, ebidtari eta ustiapenaren emaitzari dagokienez, baina ez du justifikatzen jaitsiera horren arrazoia. 2024rako aurreikusitako emaitza garbia ere ez digute ematen.
-2023 urteko kontuak falta dira (balantzea, galdu-irabazien kontua eta memoria).
Dokumentazio hori garrantzitsua eta beharrezkoa dela uste dugu, ekoizpenaren eta, oro har, jarduera ekonomikoaren bilakaera egiaztatzeko.
-Azken hiru hiruhilekoen kontabilitate-itxiera eta aurreko ekitaldiko itxierak falta dira. Ez da justifikatzen salmenten murriztea. Enpresak 2024ko fakturazio-jaitsiera aipatzen du, 2023koa erreferentziatzat hartuta, baina ez du agiri bidez justifikatzen.
-Ez digute justifikatu 2023tik 2024ra bitartean langile-gastua igo izana.
-Enpresak ez dio uko egiten pertsona berriak kontratatzeari, egungo taldean ez dauden beharrak betetzeko beharra argudiatuz.
-Enpresak ez dio erantzun argigarririk eman TE CONNECTIVITYn birkokatzeko planteamenduari.
Hau guztia aintzat hartuta Enpresa-batzordea planteamendu horren aurka agertu da, eta prozesua geldiarazteko eta erretiratzeko eskatu dio enpresari. Are gehiago, negoziazio-batzordeko zati handi bat oporretan dagoenean.
Enpresa batzordea prest dago lanpostuak suntsitzea suposatuko ez duen ordezko neurri batzuk baloratzeko, baina ez du inolaz ere onartuko nahitaezko kaleratzeak jasotzen dituen planik.
Hori dela eta, batzar baterako deia egiten diogu Microliquideko langilegoari, enpresaren instalazioetan egingo dena, ekainaren 25ean, 16:00etan. Batzar horretan greba eta mobilizazio egutegi bat proposatuko da, eta bozketa egingo da, berau onartu edo ezeztatzeko.




