Urtebeteko lanaren balorazio positiboa egin du udal gobernuak

0
1165

Testua eta argazkia: Arrasateko Udala.

2023ko ekainaren 17an hartu zuen udal agintearen ardura Maider Morras Azpiazuk. Ordutik urtebete igaro den honetan balorazio positiboa egin dute Morrasek eta bere taldeak, eta egindako lanaren berri eman du.

“Elkarlanaren printzipioan oinarritu gara hasieratik, eragile eta herritarrekin, eta horren eredu dugu hezkuntzan, kulturan edota esparru sozioekonomikoan lankidetzan martxan jarri ditugun egitasmoak. Gure eskerrik beroenak eragile guztiei”.

Gertuko politikagintza

Gertuko politikagintza bat martxan jarri izana azpimarratu du Morrasek. “Auzoetako alkatetzak indartu ditugu, eta auzoen eta udalaren arteko etengabeko harremanerako tresna parte hartzailea bilakatu ditugu. Auzoen kezkak eta beharrak identifikatu eta hauek udaletxean hobeto kudeatzeko sistema berriak ezarri ditugu”.

Horren eredu jarri du auzo eta herritarren beharrei erantzunez burututako neurri hauek:

  • Otalorako zebrabidea
  • Udalako parkinga txukundu eta kotxe aglomerazioa gutxitzeko autobus zerbitzu puntualak jartzea uztailean eta kirol ekintzetan
  • Musakolako gaztetxokoa erostea
  • Geldirik zegoen desfibriladoreen proiektua aktibatzea.

Bi inbertsio handi eta mantentze lanen aldeko apustua    

Agintaldi honetan eraikitzen hastea aurreikusten diren bi obra handiren oinarriak ezartzeko urtea izan da hau. Alde batetik Amaia Antzokiarena, eta, bestetik, Iturripeko kiroldegiarena.

“Amaia Antzokiaren eraberritze integrala aurreikusi gabeko proiektua izan da, baina gobernura sartu eta hurrengo egunean, eurite jasa batek azken urteetan egin gabeko mantentze lanen gabezia agerian utzi zuen. Horren ondorioz, antzokiaren diagnosi osatu bat egin genuen, eraberritze integralari bide emanez. Aurreikuspenen arabera, 2025 urte amaieran hasiko dira lanak”.

Iturripeko kiroldegiaren gauzatzea izango da agintaldi honek izango duen proiektu nagusiena. “Pleguak dagoeneko eginak daude, eta datozen egunetan onartuko dira batzordean; beraz, uztaileko lehen hamabostaldian proiektua idaztea lehiaketara aterako da. Dena ondo bidean, urte amaierarako proiektua esleituta izatea espero dugu”.

Kirolean, baina, bestelako inbertsio eta mantentze lanak egin dira urtebete honetan, besteak beste:

  • Rugby zelaia berritzea
  • Mojategiko garbiketa integrala egitea
  • Igerilekuko aldagelen lurra aldatzea
  • Uarkapeko frontoian berritze lanak egitea
  • Antoñako frontoian segurtasunezko konponketak egitea

Horrez gain, uda honetan berrituko dira:

  • Atletismo pista
  • Musakolako kiroldegi lehorreko aldageletako lurra
  • Sauna
  • Igerilekuan konponketak egingo dira
  • Mojategiko led argi berriak jarriko dira.

“Musakolako kiroldegi berria egin bitartean, mantentze lanak zerrendatzen eta prestatzen ere aritu gara igaro berri den urte hau”.

Ikusiezina den politikagintza martxan

“Ikusezina” den politikagintza “lehen lerrora ekarri izana” azpimarratu du udal gobernuak. “Ohituta gaude materialak diren politikak ikusgarriak izatera. Baina badira herritarren bizi baldintzak hobetzeko bestelako politikak, politika ikusezinak, lehen begi-kolpean, baina gizarte guztiaren ongizatean nabarmentzen direnak. Politika horiek aktibatzen izan gara urte honetan”, eta horien artean daude:

  • Aniztasun eta Bizikidetza II. Plana egin eta baliabideak bideratu
  • LGTBI+ pertsonen bizitza duinak bermatzeko plana
  • Hezkuntza diagnosia
  • Udaletxe barruan politika feministak zehar-lerroan lantzea
  • Arrasaten osasun-ekosistema martxan jartzea, osasunaren mahai teknikoa martxan jarriz eta desfibriladoreak herri osoan jarriz.
  • Zaintza aholkularitza zerbitzurako udal batzorde teknikoa eratu da.

Politika fiskal berria martxan jarri izana ere nabarmendu dute:

  • Tokiko merkataritza eta ostalaritza sustatzeko neurri fiskalak onartuz
  • Egoera zaurgarrian daudenen ohiko etxebizitzaren zerga (OHZ) ordaintzeko dirulaguntza berriak onartuz.

“Euskararen kontrako oldarraldiaren aurrean, bi urrats nagusi eman dira euskara komunikazio eta lan-hizkuntza bezala sustatzeko”:

  • Udaleko barne erabilera plan berria martxan jarri da
  • Esparru sozioekonomikoan eragiteko, HARIXA egitasmoa aktibatu da, eskualdeko beste herriekin batera.

Etorkizuneko hiri jasangarrirako urratsak

Datozen hamarkadetan biziko dugun herria diseinatzen hasia da Udal Gobernua, “Arrasate Zeharkatuz” ekimen parte hartzailea abiarazi dute horretarako.

  • Lehen urratsa Mugikortasun Jasangarrirako Plana berritzea izan da
  • Gudarien plaza berritzeko proiektua
  • Azpiegitura Berdeen Mapa egitea
  • Zaraten mapa egiten ari gara
  • Terrazen ordenantza idazten ari gara

“Herri eredua definitzearekin batera, berrurbanizazio obren exekuzioak ere jarri ditugu martxan”:

  • Altamirako berrurbanizazioko lehen fasea martxan jarri
  • Santa Teresako eta Doneztebe Portuko berrurbanizazio, irisgarritasun eta etxeen eraberritze lanekin jarraitu.

Azkenik, politika ekologikoen bidean ere, natur-bideak konpontzeko esleipena martxa jarri dute gobernutik, eta baso sailen erosketarako pleguak amaitzear dituzte; “honek natur guneen kudeaketa jasangarriago bat egiteko aukera eskainiko digu”.

Taldearen balioa

Koalizio gobernua osatzen duten bi alderdien harremana eta balorazioa “oso ona” dela adierazi dute EH Bilduk eta Elkarrekin Arrasatek, eta elkarlan horretan sakontzen jarraituko dute, “sintonia onean eta elkar zainduz”.

Amaitzeko, gobernu taldea osatzen duten kide guztiak goraipatu ditu Morras alkateak. “Gobernua osatzen dugun 11 zinegotzion inplikazioa erabatekoa da, horri esker proiektu askoren gauzatzea ikusten ari gara. Herrigintzan sinesten dugu, eta horrek motibatzen gaitu. Herri honekiko konpromisoa erabatekoa da. Herri bizi bat dugu helburu, eta gobernu bizi bat dugu martxan” amaitu du.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen