Testua: Arrasateko Udala.
Lan eskaintza publikoa egiteko proposamena onartu zuen eguakotxean Udal Gobernuak Tokiko Gobernu Batzordean; aurrez Udalbatzak Lanpostu zerrenda onartu ostean. Modu honetan, legea betetzen hasteaz gain, Udalak dituen baliabide nagusiak “modu efikaz, eraginkor eta arrazionalean” antolatzeko aukera eskainiko du. Kepa Urteaga Pertsonaleko zinegotziak adierazi duenez, “langileen egonkortzea lege betebeharra izateaz gain, langileen eta zerbitzuaren kalitatea hobetuko du, onuradun nagusia herritarra izanik”.
Hurrengo urratsa, Lan Eskaintza Publikoak deitzea
Behin langileen zerrenda onartuta, lanpostuak egonkortzeko Lan Eskaintza Publikoak (LEP) deituko dira. Gobernuaren arabera, 35 lanpostu inguru egonkortzeko deialdia izango dela aurreikusi dute, aurten onartu diren lanpostuekin, eta, 2021, 2022 eta 2023an onartu baina exekutatu ez diren lan eskaintzekin. Gehienez ere datozen 3 urteetan deitu beharko dira lan eskaintza publiko guztiak, nahiz eta gobernuak uste duen lehenago izango dela.
“Lanpostu hauek dagoeneko egon badaude Udalean, existitzen dira, eta herritar guztiei eskaintzen zaien zerbitzuen parte dira. Lanpostuen Zerrenda berriarekin eta deituko diren LEP berriekin, behin-behinekotasuna %38tik %8ra jaistea aurreikusten da. Agertoki berri horretara heltzeko, orain arte bezala, gogor egin beharko dugu lan. Izan ere, aurreikusi baino hilabete lehenago onartu da Lan Zerrenda berria, eta pozik gaude”.
2021etik zuzendu gabe zeuden akatsak zuzendu dira
Urtero onartzen du Arrasateko Udalak lanpostuen zerrenda egokitua, baina hauek, 2021 urtetik, akatsekin egon direla azaldu du Urteaga zinegotziak. “2021ean Eusko Jaurlaritzak hainbat akats antzeman zituen argitaratutako zerrendan, eta horiek zuzentzeko eskaera egin zion Udalari. Ordutik hona Jaurlaritzak urtez urte egindako zuzenketa eskaera guztiak orain konpondu dira, Lanpostuen Zerrenda honetan. 3 urtez konpondu gabe egon den arazoa konpontzeko konpromisoa hartu genuen, eta bete dugu”. Zentzu horretan, urrats garrantzitsutzat jo dute Udalbatzak onartutako proposamena eta LEP proposamena onartu izana.




