Mugarri Ingouk Legazpi liderraren aurka neurtu ditu indarrak gaur eguerdian. Arrasatearrek lehen zati bikaina jokatu dute eta bigarren zatia oso parekatua izan da. Azken unean Jon Martin ‘Jonma’k sartu du berdinketaren gola, 23-23.
Mugarri Ingouk denboraldiko hasierarik onena egin du. Erasoan, baloia azkar igo dute, kanpoko jaurtiketak aprobetxatuz. Kantxaren beste aldean, denfensa oso ona egin dute, aurkariei hutsunerik utzi gabe, gainera, Xabi Lizarralde atezainak geldiketa batzuk egin ditu abantaila handitzen laguntzeko. Horrekin guztiarekin, 6 goleko aldea lortu dute 10. minuturako, 8-2ko emaitzarekin.

Lehen zatian abantaila mantendu dute. Azken minutuetan, Arrasateren mutilek kanporaketak izan dituzte. Aurkariak horretaz baliatu ziren desabantaila murrizteko, eta atsedenaldira 12-11ko emaitzarekin iritsi ziren.
Bigarren zatia oso parekatua izan da. Ane Herreroren mutilek 2 goleko aldeari eustea lortu dute. Partidak aurrera egin ahala, liderrak markagailua berdintzea lortu du. Tentsio handiko azken minutuak bizi izan dira Iturripen, bi taldeek akatsak izan dituzte tentsioaren erruz. Azkenean, 22-23 kokatu dira bisitariak. Azken unean, 5 segundoren faltan, ‘Jonma’k falta bat jaurti du eta golari esker Mugarri Ingouk lehia berdindu du.










