Feel Euskadiko Arantza Otaduy dabil bisitak gidatzen, oro har, “Kulturolan zein baliabide eta egoiliar izango diren” azaltzen.
Udalak antolaturik, bisita gidatuak astelehenetik martxan daude, eta domekara arte hala izango dira.
Feel Euskadiko Arantza Otaduy arrasatearrak dihardu bisitok gidatzen, “Kulturolan zein baliabide eta zein egoiliar izango diren” azaltzen.

Arantzak baieztatu du “garai bateko lantegia eraldatu egin dela, bere egitura errespetatuz, zerbitzugune izateko”.
“Unión Cerrajerak bere garaian oparotasun ekonomikoa ekarri zuen, eta nik espero dut Kulturolak kultura eta aisildirako berrikuntzak ekartzea herri mailan”.
Elkarte askok “lokal oso onak izango dituzte, euren beharretara oso ondo egokituta, eta horrek denongan eragina izango du, ikuskizun politagoak izatea kalean, Amaia Antzokian, hemen bertan,… Nik espero dut bizitasun puntu bat ematea herri mailan”.
Kulturolako eskailera berriak “eraikinean egin den obra berrienetarikoa da. Eraikin osoa gaur egungo araudietara egokitu behar izan da: irisgarritasun aldetik neurri batzuk bete behar ditu, eskailerak, igogailuak,… Lehen existitzen ez ziren araudiak”.
Horrek “arkitekturan eragina izan du, eta leku batzuetan habiak txikitu behar izan dira, egitura berriak sartzeko, nahiz eta oso-oso gutxitan egin”.

Bisitan ere azaltzen ari da “tuberiak esaterako begi bistan daudela, horrek ez du eraikinaren egituran eraginik izan. Ahalegindu da industria puntu horri eusten”.
Begi bistan egoteak “eragina izango du eraikinaren mantentze-lanetan; hodi batera iristeko ez da paretarik zulatu beharko. Horrek ere lagun dezake mantentze-lanen kostua merkeagoak izaten”.
Luis Astiazaranek diseinatu zuen 1939an, eta beraz eraikina “garai zehatz bateko arkitektura eredu bat da, Euskal Herrian oso garrantzitsua eta oso hedatua. Eraikina osasungarria izatea helburu zuen”.
Zenbait irizpide jarraitu zituen: “argitasuna, eraikin osasungarria izatea, leihoak zabaldu ahal izatea,… Leihoak kanporantz zabaltzen dira, eta hori errespetatu da”.
“Gainera, soinurik ez irteteko, isolatu egin dira eta beste neurri batzuk betetzen dituzte. Kontuan hartu da hotel bat ondoan dagoela, eta bertako erabiltzaileentzat desatsegina izango litzateke 21:00etan adibidez kultur-entseguak entzutea”.

“Eraikinak bizi prozesu bat izan du, gure etxean obrak egiten ditugun bezala, leiho bat aldatzean, ate bat kentzean, horma bat botatzean,… Eraikin honek 60 urtez fabrika bezala funtzionatu zuen, eta denbora tarte horretan aldaketa dezente izan zituen”.
Adibidez “teilatuko luzeroak edo sabai-leihoak, Jovino Martinez Sierra arkitektoak jatorrizko diseinua aztertu du, besteak beste, eta obrak egokitu ditu garai hartako trazadura. Leiho berriak azaleratu dira, fabrikak desagerrarazi zituenak eta guk ez genuen horien berri”.
“25 linterna edo luzero agertu dira sabaian, eta horietatik kriston argi naturala sartzen da eraikineran barrualdera”.
Bisitan ere bertatik bertara ikusten dituzte “behar bereziak dituzten elkarteentzako lokalak. Soinu aldetik isolatuta egon behar dira, dantzaleku izango direnez lurzoru berezia dutenak, antzerkigintzari eta mundu lirikoari lotutako lokalak (teloiak mugitze dituztelako,…)”.
Loixe Zeramika Taldearen gela ere bisitatzen da, eta “bertan gordetzen da Unión Cerrajeraren aztarna era egokienean. Niretzat aukeraketa polita da Loixek izatea gela hori, seguruenik bera baita Industriarekin lotura gehien duen elkartea”.
“Oso harro egon behar dugu mondrautarrok, baita baila mailan ere, lortu dugun azpiegitura berri honengatik. Honek ziurraski indartuko du herriko kulturgintza, eta Udal-euskaltegiak esaterako lokal oso-oso on bat izango du. Horrek erabiltzaile gehiago erakartzen baditu eta euskalduntze-maila igotzen badu, denontzako zorioneko Kulturola izango da”.
Bisita gidatuen antolakuntzak, Feel Euskadik, gehitu egin du 14 bisita izango direla denera, eta bakoitzean 25 bisitari ibiliko direla.
Erlazionatutako edukia:
Kulturolako obrak amaitu dituzte, 18 eragileren ‘fabrika’ abiatzeko
2021eko abenduaren 21ean argitaratutako edukia