26 gazte sartu dira Gaztenek Berri programan, lehen sektorean XXI. mendeko erronkei aurre egiteko

0
440

Eusko Jaurlaritzak eta Aldundiek, Mondragon Unibertsitatearen asistentzia pedagogikoarekin, enpresa-kudeaketari, digitalizazioari eta berrikuntzari buruzko prestakuntza zabaldu nahi dute.

Testua: Mondragon Unibertsitatea.

Belaunaldien berrikuntza eta ekintzailetza oinarrizkoak dira euskal nekazaritzako elikakate osoaren biziraupenerako eta modernizaziorako, Euskadiko garapen sozioekonomikoaren zati garrantzitsua baita. Premisa horrekin, Eusko Jaurlaritzak eta hiru Foru Aldundiek Gaztenek programa jarri zuten abian 2004. urtean, gazteak lehen sektorean eta landa-munduan sar daitezen errazteko. Orain, Mondragon Unibertsitatearen lankidetza tekniko eta pedagogikoarekin, programa modernizatu egiten da, egungo beharretara egokitzeko.

“Gaztenek Berri” izeneko programa hau gaur Oñatin egin den lan-jardunaldi batean aurkeztu da, eta honako kide hauek egon dira bertan: Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea; Javier Larrañaga Gipuzkoako Ekonomia Sustapena, Turismo eta Landa Inguruneko diputatua; Eduardo Aguinaco Arabako Nekazaritza diputatua; Amaia Antxustegi Bizkaiko Iraunkortasuna eta Ingurune Naturaleko diputatua eta Lander Beloki Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateko dekanoa. Programa honek jarraipena emango dio Gaztenek programa aitzindariari, lehen sektorean ekintzailetzari laguntzeko zerbitzu integrala eskaintzeko.

Gaztenek Berri

Orain, Gaztenek Berri programaren ezarpenaren bidez, Eusko Jaurlaritzak eta Aldundiek, Mondragon Unibertsitatearen asistentzia pedagogikoarekin, Gaztenek programara iristen diren gazte guztien artean enpresa-kudeaketari, digitalizazioari eta berrikuntzari buruzko prestakuntza zabaldu nahi dute, sektoreko eta inguruko erronka eta beharrei erantzuteko jakin-mina eta gogoa pizteko.

Etapa berri honetan, proiektuak gero eta berritzaileagoak izatea lortu nahi da, balio erantsi handiagoa sortzea eta etorkizun-ikuspegia duten pertsonek gidatzea. Gainera, beharrezkotzat jotzen da nekazaritza-ekintzailetzari laguntzeko ekosistema sentsibilizatzea eta kualifikatzea, arreta 2023-2027 aldi berrian jarrita.

Gaztenek Berrik lehen sektoreko ekintzailetzak motibatutako gazteak bilatzen ditu, ekimenarekin eta taldean esperientzia berriak bizitzeko gogoarekin, tresna, metodologia eta ekimen berritzaileak aurkituz.

Guztira 26 gaztek (Arabako 11k, Bizkaiko 6k eta Gipuzkoako 9k) heziketa-erronka berri honetan parte hartzea erabaki dute. Horren helburua da lehen sektorea gaztetzea eta modernizatzea, eta horretarako XXI. mendeko erronka berriei aurre egiteko tresnak eskainiko zaizkie, hala nola, enpresa-kudeaketa, nekazaritza eta abeltzaintza-lanaren digitalizazioa edo arlo horretako teknika eta berrikuntza berriak.

Aplikatuko den metodologia Mondragon Unibertsitateko MTA (Mondragon Team Academy) da, zeinaren gakoa den “eginez ikasi” kontzeptua. Horrela, ikaskuntza aurkezten diren proiektu ekintzaileetan oinarrituko da, eta prozesua programa baten bidez garatuko da. Programa horretan, besteak beste, online saioak egingo dira, sektorearen problematikak ulertzeko, etorkizuneko joerak ezagutzeko eta berrikuntza-tresnak aurkitzeko.

Programa horrek berariazko mentoria-saioak ere izango ditu. Horrez gain, “ikasketa-bidaiak” ere egingo dira; lehen sektoreko inguru berritzaileak ezagutzeko esperientziazko saioak dira, eta inspiratzeaz gain, kontaktu-sarea handitzen lagunduko dute eta talde-lan dinamika sustatzeko espazio informalak eskainiko dituzte.

Gaztenek Programa (2004 – 2022)

Gaztenek Programa 2004ean jarri zen abian. Eusko Jaurlaritza eta hiru Foru Aldundiak buru izan ziren, sektoreko eta tokiko eragileen laguntzarekin, eta horrez geroztik laguntza eskaini du ideiak sortzeko fasean, bai eta enpresa sortzeko eta proiektuak finkatzerako ere. Era horretan, lehen sektoreko proiektuen bideragarritasuna eta jarraipena bermatzen lagundu dute.

Azken urteetan sektorearen gaztetzean eta modernizazioan aurrera egin dute, betiere tradizioa eta nekazaritzako familia-eredua errespetatuz.

Beraz, 2004tik 2022raino, landa-inguruan eta lehen sektorean sartzen lagundu dio 919 pertsonari eta beren enpresa-proiektuei (Bizkaiko 353 pertsonari, Gipuzkoako 306ri eta Arabako 260ri). Horietatik, 325 emakume dira eta 594 gizon, eta adin-tartea, oro har, 25 eta 40 urteren artekoa da.

Azpisektoreka, 476 pertsona nekazaritzan (bereziki baratzezaintzan, frutagintzan eta ardogintzan) sartu dira, eta 443 abeltzaintzan (oro har, esnetarako eta haragitarako behiak eta ardiak). Aldi berean, onartutako proiektuetatik, 175 inguruk ekoizpen ekologikoa edo integratua garatzen dute.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen