Musikagile arrasatearraren Indie-rock taldearen lehen lana ukitu psikodelikoak ditu, eta musika akustiko eta elektronikoaren arteko elkarbizitza bilatuz.
Beheko testua eta irudiak: Del Val.
Bere lehen single-a, “Felicidad”, kaleratu eta urtebetera, Del Val taldeak bere lehen diskoa kaleratu du. Spotify eta YouTube bezalako plataforma digitaletan dagoeneko eskuragarri dagoen hogeita zortzi minutu eta zazpi kantuko lana da. Bertan, soinu berriak bilatzeko, musika akustiko eta elektronikoaren arteko elkarbizitza bilatzen du.

Abestiak barne-hausnarketa baten emaitza, “txiki sentitzen garenean egiten ditugun galdera handiei buruzkoak dira”, dio taldeko letragile eta abeslariak.
Letrak, nahiko introspektiboak, doinu goxo eta intimoekin bat datoz. “Nabari da konposizioa erretiro garaian egin nuela; energia oso pausatua du, espazio handia, lasaitasuna”, baieztatzen du Arrasatekoak. Bilatu den bakardade horren ondorioz, geure buruarekin konektatzera gonbidatzen duten soinu pasarte psikodelikoak sortu ditu, beste dimentsio batzuetara eramaten gaituztenak.

Lana barne- eta kanpoko mugimenduari estuki lotuta dagoenez, musika eta dantza garaikidea nahastea oso interesgarria izan da. Ildo horretan, taldeak “El Silencio”, “Darwin” eta “Atrapado” bideoklipak aurkeztu ditu, MI-TI komunitate artistikoarekin elkarlanean. Bideoklip hauetan, artistek melodiarekin bat egiten dute eta giza ezinegona adierazteko beste elementu batean bihurtzen dira. Izan ere, “letrak nolabaiteko ezinegon uneetan jaiotzen dira, eta gorputzak azaleratzea eskatzen du”, hausnartu du Jonek.
Diskoaren lehen single-ak, “Felicidad” izenekoa, psikologia positiboa kritikatzen du eta etengabe zoriontsu izatea ezinezkoa dela defendatzen du. “Atrapado” lanak egunerokotasunak dakarren ezinegona eta etsipena erakusten ditu. “Darwinek” ezinezkoa den perfekzionismoak sortzen duen antsietate kolektiboari buruz hitz egiten du.
“El Silencio” barne-lasaitasunaren emaitza da. ”No te atreves a volver” eta “Si no hablo” abestietan guztiok sentitu ditugun beldurrak eta deabruak deskribatzen ditu Jonek apaltasun handiarekin. Beti gazte izateko desira zaharrarekin ixten da diska “Todo Brilla” kantarekin.