Palestinako sarraskiak markatu du Arrasaten Anonyme Popular saioa

0
660

Beheko testua: Anonyme Popular.

Kulturaten izan ginen urriaren 20an, Liburutegien Eguna ospatzeko, Arrasateko Bibliotekako liburuzainek antolatuta. Emanaldia 20:00etarako zegoen iragarrita, baina ordu laurden geroago hasi ginen, aurretik palestinarrei elkartasuna adierazteko elkarretaratzea baitzegoen deituta.

Ez zen erraza, egia esanda, ez aste osoan zehar ez ostiralean, Gazako egoeraz ahaztu eta egunerokoaz gozatzea; halaxe segitzen dugu oraindik. Eguneko bertso berriak ere Israelgo Estatua Gazan eragiten ari den sarraskiari eta palestinarren genozidioari jarriak dira.

ANONIMO POPULARRARENAK 16
Arrasaten, 2023ko urriaren 20an

Anonimoak nahiago luke
irribarrea atera;
musika entzun, nobelak leitu,
lagunekin joan jatera,
larrua jo ta trankil lo egin,
Bakarrik edo batera…
baina goizero zailtzen diote
horretarako aukera.

Aste osoa darama hala:
irririk egin ezinik;
Gazan oraintxe ere misilak
jausten direla jakinik.
Lotsaz pentsatuz, nahiz ta hangoen
minak ez daukan berdinik,
okerragoa litzatekela
hartuko ez balu minik.

Genozidio bat zuzenean
emititua mundura;
Netanyahuren bunkerretik su
gazatarren teilatura.
Bidenen Air Force One-tik, berriz,
justizia banatu da:
israeldarrei armamentua
ta palestinarrei ura.

Washingtonetik bakea baino
ez da egin ta egingo,
baina europar anonimoak
ez lukeenez jakingo,
agintariek ebatzi dute
hobe dela izan gringo,
ta badaezpada poliziz bete
Paris, Madril eta Bilbo.

Dena hasi ei zuen Hamasen
erasoaldi militarrak…
Bere burua defendatzen du
Estatu Israeldarrak…
Ikasi behar baita bereizten
zein diren onak ta txarrak…
Gerra batean galtzen dutenak
dira errudun bakarrak.

Anonimoak ezin duenez
ONUn kargurik esleitu,
hobe du bihar Donostiako
manifestariei gehitu.
Gero ahal badu, musika entzun
nobela eder bat leitu,
eta agian lagunei edo
maitaleren bati deitu.

Anonyme Popular

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen