Arrasateko III. Gazte Olinpiadak badatoz: izen-ematea zabalik

0
3547

Arrasaten Gazte Olinpiaden hirugarren edizioa ospatuko dute ekainaren 20an, eta antolatzaileek aurreratu dutenez, aurtengoa berrikuntzez beteriko jardunaldia izango da. Jolas berriak, sari gehiago eta parte-hartzeko adin mugarik eza izango dira edizio honetako berrikuntza nagusietako batzuk.

San Juan jaiak oraindik urrun ikusten badira ere, antolakuntza taldea lanean hasi da jada aurtengo eguna borobiltzeko. Azken bi urteetan pilatutako esperientzia eta herritarrekin egindako bilera irekietan jasotako proposamenak kontuan hartuta, hainbat aldaketa prestatu dituzte aurten, ekitaldia are erakargarriagoa izan dadin.

Egitarauak, gainera, indartsu jarraituko du. Iazko arrakasta ikusita, parte-hartzaileentzat antolatzen den gosaria mantentzea erabaki dute. Horrez gain, jolas berriak gehituko dituzte eta sari kopurua ere handituko dela iragarri dute.

Aldaketa nagusietako bat logistikan izango da. Ekainaren 20an txosnak oraindik irekita egongo ez diren arren, antolatzaileek azaldu dute zerbait berezia prestatzen ari direla finalaren ostean jai giroak gauera arte jarrai dezan. Izan ere, aurten San Juanak astegunetan egokituko dira, eta larunbat hori aukera aproposa izango da lagun artean jai giroan murgiltzeko.

Parte hartzeko baldintza berriak

Parte-hartzaileek egindako eskaerei erantzunez, taldeak osatzeko baldintzak moldatu dituzte aurten. Taldeek gutxienez zortzi lagun izan beharko dituzte, baina ez da gehieneko kopururik ezarri. Bestalde, adinari dagokionez, 18 urteko kintatik aurrera edonork parte hartu ahal izango du, adin mugarik gabe.

Talde bakoitzak 80 euroko inskripzioa ordaindu beharko du.

Izen-ematea zabalik

Parte hartu nahi duten kuadrillek apirilaren 20a baino lehen eman beharko dute izena antolatzaileek prestatu duten formularioan. Ordainketa, berriz, izen-ematea itxi ondoren egingo dela jakinarazi dute.

Bazkariari dagokionez, aurten ere herri-bazkaria egingo dutela aurreratu dute, nahiz eta bazkarirako txartelak aurrerago jarriko dituzten salgai.

Antolatzaileek herritarrak animatu dituzte parte hartzera eta ekainaren 20a giro onean pasatzera: helburua, beste behin ere, lagunartean egun borobil bat bizitzea baita.

IZENA EMATEKO GALDETEGIA: https://forms.gle/BHM5p2jDPYUrpiVk6

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen