Etxezarretako lorategia lehengoratzeko lanak hasi ditu Udalak

0
1313

Zuhaitz eta zuhaixka berriak landatuko dira, bide-sarea zabalduko da, bi sarbide egokituko dira eta altzariak jarriko dira. Helburu nagusiena da “balio handiko lorategi botanikoa berreskuratuz, herritarrek erabiltzea, aisialdirako naturgune” gisa.

Irudiak eta txioa: Udala.

Lanak aurreko astean hasi ziren, Etxezarreta parke historikoa berreskuratze aldera, “inguruko natura eta ondare botanikoa lehengoratzeko eta aisialdirako gune atsegin eta irisgarri bat sortzeko helburuarekin”.

Etxezarreta parkea Deba ibaiaren meandro batean dago eta XIX. mendeko lorategi baten aztarnak ditu.

Gaur egun “egoera degradatuan” dagoen arren, izaera berezia eta zuhaitz erraldoi zaharren “bilduma baliotsua gordetzen ditu (sekuoiak, zedroak, haginak, etab.) eta horiek dira proiektuaren ardatz nagusietako bat”. Proiektuaren esku-hartze nagusiak hauek izango dira:

  • Bi sarbide berriren egokitzapena: San Prudentzio eta Eroski aldeetan, identitate bisuala eta ekologikoa batzen duten 10 metroko akazi enborrez osatutako ateak eraikiko dira. “Haien azaletik igoko diren huntzek, biodibertsitatea sustatzeaz gain, irudi berezia sortuko dute denborarekin”.
  • Lorategi barneko bide sare natural berria, 416 metroko luzerakoa. “Garai bateko bide sarea galduta badago ere, puntu batzuetan aztarnak ikusten dira”.
  • Landaretzaren lehengoratzea: berez sortutako begetazioa “garbitu eta soropil eta zelaien antolamendu berria ezarriko da”. Halaber, zuhaitz eta zuhaixka berriak landatuko dira: koniferoak, astigar japoniarrak, magnoliak, gereziondoak, palmondoak eta abar. Guztira 80 bat landaketa.
  • Altzari berriak: Egurrezko eserlekuak, seinaletika berria eta informazio panelak jarriko dira.

Obraren aurrekontua 114.407,99 eurokoa da (BEZ barne) eta lanek “10-12 asteko” iraupena izatea aurreikusten da, Txukun Lorazantza SLren eskutik.

“Etxezarreta parkeak Arrasatek duen altxor ezkutuetako bat izan da urte luzez. Orain, parke hau herritarren erabilerarako berreskuratzeko garaia da, naturarekiko harremana, ondare botanikoa eta aisialdirako kalitatezko gunea uztartuz” adierazi du Garazi Etxeberria San Miguel, Hirigintza, Trantsizio Ekologiko eta Mugikortasun zinegotziak.

Informazioa Instagramen ere

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen