Bailarako Erreka Auzolanak erreken biziberritzea indartuko du

0
2433

Beheko testua: Bailarako erreka batzordea.

Aurtengoan ere bailara mailako erreka auzolanera deialdia egingo diegu bailarako herritarrei. Bakoitzak bere herrian eta denok batera! Urriaren 18an Bailara mailako auzolan ekimena handiena gauzatuko dugu!

Zeharkatzen gaituen hori ezagutzeko aukera sortu nahi dugu aurtengoan ere; Erreka beste begi batzuekin ikusten hasiak gar dagoeneko adin bat dugunok eta ausart ikusten ditugu gure seme-alabak, haurrak ginenean inoiz jaitsiko ez ginen lekuetan edo inoiz sartuko ez ginen uretan sartzen. Amuarrainak, lertxunak edo Martin Arrantzalea ikusi dira eta bizitzak poliki-poliki berreskuratu du galdutako eremua. Errekak zabor leku izateari utzi diola ikusi dugu, edo bagoaz bide horretan behinik behin. Ausartuko gara pixka bat gehiago ezagutzen?

Urriaren 18ko auzolanak erreka gehiago ezagutzeko aukera eskaintzeaz gain, HERRIA egiteko ere balio dezakeela uste dugu. Auzolanak, elkarrekin helburu berdin bategatik ondoan modu boluntarioan lan egiteak, batu edo gutxienez elkar ezagutzeko aukera eskaintzen digu. Baliatuko dugu?

Urteroko auzolanaren baitan, herri ezberdinok, ekintza ugari antolatzen ditugu errekaren ezagutza sustatzeko. Aurtengoan ere bailarako herrietan antolatuko diren ekimenen berri izango duzue hilabete honetan zehar.

Herrigintzatik gabiltza bultzatzen auzolana azken urteetan, sinesten dugulako eta balioan jarri nahi dugulako egiteko modu hau. Gure mugak zeintzuk ziren laster konturatu ginen eta honek aldarrikapen ezberdinei oihartzuna ematera bultzatzen gaitu. Kolektoreak, landare inbaditzaileen kudeaketa, errekako basoaren zaintza, errekaren kudeaketa orokorra…

Informazio praktikoa

Herri bakoitzak bere modura antolatuko du auzolana, baina izen-emate bateratua izango dugu aurtengoan ere. Formulario bateratuan herri ezberdinetan izena emateko aukera eta informazio zehatza izango da.

Auzolanean izena emateko klikatu hemen

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen