Jai Batzordeak antolatuta, bertaratutakoek bapo bazkaldu zuten eta ondoren Iñaki, Jon, Eneritz zein Garazi musikariekin abestu zuten.
Uribarri Nekazal Auzoko Jaiei hasiera eman zitzaien atzo goizean etxafleroak jaurtiz, eta ostean haurrendako puzgarriak izan ziren Itxaropena plazan.
Trikipoteoa ere ospatu zen enparantza honen eta Urrin tabernaren artean, giro eguzkitsuarekin.

Aipatzekoa da Jai Batzordeak aurten deialdi bat egin duela inguruko etxeetako atarietan, bizilagunek jaien egun nagusian lagun dezaten.
Izan ere, “jaien antolakuntzan bospasei lagun gabiltza – azaldu digu Antolakuntzako Nerea Arizmendiarrietak – eta baliteke horretan gehiago behar ez izatea, baina bai jaien egunean, adibidez mahaiak jartzen, barran edota antzekoak egiten”.
Deialdia horri esker “15 bat lagun inguru bertaratu dira prest” eurek ere boluntario-lan horiek egiteko.

Atzo eguerdian ere kantu bazkarian, eta urtero bezala, giro polita izan zen, Garazi, Eneritz, Jon eta Iñaki zuzeneko musikan.
Laukoteak euskal kantak eskaini zituen, gitarra, perkusioa, txistua, akordeoia zein ahotsa baliatuz, eta bertaratutakoek elkarrekin abestu zuten giro onean.





