Txomin Maidaganen ‘A Tempo Korua’, Gasteizko Abesbatza lehiaketan garaile

0
1241

Testua eta argazkia: A Tempo Korua

A Tempo Koruak, Txomin Maidagan Ruizen zuzendaritzapean, Lehen Saria lortu zuen joan den larunbatean Jesus Guridi Kontserbatorioan ospatutako Gasteizko Abesbatza Lehiaketaren bigarren edizioan.

Txomin Maidagan Ruiz zuzendariak azaldu duenez, “plazer bat izan da, kalitatearen alde zein abesbatzen arteko topaketaren espirituaren alde egiten duen lehiaketa honetan parte hartzea. Errekonozimendu honek musika koralaren alde ilusioz eta konpromisoz lanean jarraitzera bultzatzen gaitu”.

Araba Ahotsetan Kultur Elkarteak antolatuta, Euskal Herriko hainbat txokotako abesbatzek hartu zuten parte, eta musika kalitateagatik eta elkartzeko gogoagatik nabarmendu ziren berriz ere.

bilbide anitza jarraitu zuen A Tempo Koruak aurkeztu zuen errepertorioak, Pierre Certonen ‘Je ne l’ose dire’ lanarekin hasiz, ondoren Xabier Sarasolaren ‘Zure boza’, Mendelssohnen ‘Frühzeitigen Frühling’ eta Beatriz Coronaren ‘Corazón Coraza’. Aurrerago, Rachmaninoffen ‘Bogoroditsye Djevo’-rekin jarraitu zuten, txapelketako derrigorrezko obrarekin amaitzeko, L. Arambururen ‘Gaur Akelarre Gorbeian’.

A Tempo Korua 2023ko urrian jaio zen eta Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritako 18 eta 25 urte bitarteko gazteek osatzen dute. Ibilbide laburra izan arren, abesbatzak badu dagoeneko aintzatespenen bat, hala nola Gipuzkoako Gabon Kanten Lehiaketako Lehen Saria, 2024ko abenduan Errenterian lortutakoa, edo EITBko “Ztanda” telebista-programan parte hartu izana, lehen agerraldi publikoa ekarri zuena.

Sari berri honekin, A Tempo Koruak proposamen artistiko gazte eta zorrotz baten aldeko apustua egiten du. Lorpen horrek agerian uzten du, halaber, belaunaldi berrien artean musika korala sustatzen eta babesten jarraitzeak duen garrantzia, horiek baitira funtsezko motorra Euskal Herriko tradizio korala bizirik eta etengabe aldatzen jarraitzeko.

A Tempo Korua

A Tempo Korua abesbatza gazte mistoa da, Euskal Herriko hainbat herritako 18 eta 25 urte bitarteko gazteek osatua.

2023ko urrian sortua, abesbatzaren ezaugarri nagusiak hauek dira: energia berritzailea, ahots-kalitatea eta kultura koralarekiko konpromisoa.

Bere azken lorpenen artean aipatzekoak dira Gipuzkoako Gabon Kanten Lehiaketako Lehen Saria (2024) eta Gasteizko II. Abesbatza Lehiaketako Lehen Saria (2025).

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen