Sexu-indarkeriaren biktimentzako arreta-zentroa ireki da Arrasaten

1
1350

Hariberria izeneko egoitza berrian “informazioa, orientazioa, laguntza psikologikoa eta soziala emango dira, bai eta emakumeen eskubideei eta aukerei buruzko aholkularitza ere”. Halaber, arreta emango zaie “indarkeriaren biktima diren emakumeei, haien senideei eta gertuko pertsonei”.

Goiko argazkia: Aldundia / Beheko argazkia: Udala.

Foru-zerbitzu berriaren inaugurazio-ekitaldia gaur goizean egin da, martxoaren 27an.

Aldundiak azpimarratu du egoitza berriak “indartu egiten duela sexu-indarkeriaren biktima diren emakumeei, haien senideei eta gertuko pertsonei laguntza integrala emateko sarea”.

Halako lehenbiziko egoitza Donostian inauguratu zen uztailean, eta gaur gauza bera egin da Arrasaten, baita aurki Zaldibian ere.

Eider Mendoza Larrañaga diputatu nagusiak ohartarazi du “premiazkoa” dela “berdintasunerantz aurrera egitea”, “kolektiboki, diskurtso ukatzaileei” aurre eginez, “indarkeria matxista gure gizartetik desagerrarazteko”.

Azpimarratu duenez egoitza honekin “zerbitzu are pertsonalizatuagoa eskaintzen” da, baita “sexu-indarkeria matxistaren biktima izan daitezkeen emakumeentzat espazio seguru, hurbilago eta irisgarriagoa”. Horretarako, azken hilabeteetan “lan handia” egin dela azpimarratu du.

Ekitaldian ere Arrasateko Udaleko bi ordezkari izan dira: Jasone Giraldo Menendez (Ongizate zinegotzia eta Bizikidetza zinegotzia) eta Gladys Fernandez Urizar (Belaunaldien Arteko zinegotzia).

Emakundeko zuzendaria Miren Elgarresta Larrabide ere bertan izan da, baita espainiar estatuak EAEn daukan ordezkaria, Marisol Garmendia Beloqui ere.

Hariberria egoitza Uribarri kaleko 5. zenbakian dago kokatua. “Espazio irisgarria da, eta sexu-indarkeria motaren bat jasan duten edo pairatu dutela susmatzen duten emakumeei arreta espezializatua eskaintzeko diseinatuta dago”.

“Hala ere, Donostiako egoitza nagusiaren funtzionamendu desberdina izango du, ez baitu 24 orduz aurrez aurreko arreta iraunkorra eskainiko duen langilerik izango bertan”.

Hau da, Arrasaten “Sexu Indarkeriaren Arretarako Zerbitzuaren irizpide teknikoak emango dio hitzordua bikitimari, instalaziora gerturatzeko”.

Aldundiak hitzeman du arreta “hainbat beharretara egokitutako espazio batean” emango dela, “pertsona bakoitzaren erritmoak, erabakiak eta intimitatea errespetatuz”.

Halaber, “zentroak hainbat hizkuntza eta funtzionalitatetara egokitzen du bere arreta, sarbide inklusiboa ziurtatzeko. 16 urtetik gorako emakumeei zuzenduta dago, baita haien senideei eta gertuko inguruneari ere”.

Hona hemen harremanetan jartzeko beste zenbait bide: hariberria@gipuzkoa.eus helbide elektronikoa, 900 840 188 telefonoa eta 747 444 389 WhatsAppa (kontsultak egiteko zein informazioa eskatzeko).

Zentro berriak 384.187,95 euroko aurrekontua izan du, eta PRTR funts europarrek finantzatu dute.

Aldundiak gehitu du zentro hau irekitzeak “aurrerapen nabarmena dakar Debagoieneko eskualdean, biktimei instalazio espezializatuetan arreta jasotzeko aukera ematen baitie, Donostiara joan beharrik gabe edo horrelako esku-hartzeetarako hain egokiak ez diren udal-espazioetara jo gabe”.

Orain arte, 2024ko uztailaren 1ean behin-behineko kokalekuan ireki zenetik, Donostiako “Hariberria zerbitzuak 350 kontsultari eman dio erantzuna”.

Horietatik guztietatik “147 donostiarrek egin dituzte, 168 gainerako gipuzkoarrek, 2 beste probintzia batetik egin dira, 3 atzerritik (Gipuzkoan erasoak jasan zituzten pertsonek) eta 30 zehaztu gabeko jatorrietatik”.

Laguntza eskatu zutenen profilari dagokionez, “kontsulten erdiak, 175, partikularrek egin zituzten; horietatik 137 zuzeneko biktimak ziren. Gainerako 175ak profesionalenek egin zituzten”.

Albistea osatzen gabiltza

Iruzkin 1

  1. Sexu indarkeria edo indarkeria matxista? Sexu erasoa egon behar da erabiltzeko edo diputatu nagusiak ez du hau ezberdintzen oraindik?

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen