Argazkiak eta beheko testua: Goiena.
Ostiral honetan, urtarrilak 17, izango da Danbaka Musika Lehiaketaren finala. Arrasateko Del Val, Oñatiko Malko eta Arrasateko Rebel Noise taldeek osatuko dute finalaren gaua, Bergarako Seminarixoa aretoan (21:30). Areto kanpoaldeko chill out gunea, berriz, Bergarako Turtukiña Kolektiboak girotuko du (20:00).
Ostiral honetan, urtarrilak 17, izango da Danbaka Musika Lehiaketaren finala. Arrasateko Del Val [bigarren argazkian], Oñatiko Malko [hirugarren argazkian] eta Arrasateko Rebel Noise [lehen argazkian] taldeek osatuko dute finalaren gaueko kartela; 21:30ean hasita, bakoitzak 40 minutu joko du. Lehenago, 20:00etan hasita, Turtukiña Kolektiboak girotuko du Seminarixoaren atarian egongo den chill out gunea. Sanprubusa ere 20:00etatik aurrera egongo da martxan.
Sari banaketa
Sari Nagusiaz gain, Publikoaren Saria eta Danbaka-Ekinez Saria ere emango dira. Irabazleak disko bat grabatzeko aukera izango du; publikoaren boto gehien jasotzen dituenak, berriz, bideoklip bat grabatu ahalko du; eta, azkenik, Danbaka-Ekinez Saria irabazten duenak 2025eko maiatzaren 30ean eta 31n Bergarako Labegaraieta auzoan egingo den Ekinez jaialdian jotzeko aukera izango du.
Primeran plataformak zuzenean emango du
Danbaka Musika Lehiaketa handitzen doan ekitaldi interesgarria den seinale, ostiralean Primeran plataformak zuzenean emango du final handia.
Sarrerak, egunean bertan
Kontzertuetarako sarrerak 5 eurotan salduko dira, Seminarixoan bertan, kontzertu egunean; Goienakideak doan sartu ahalko dira, Goienaren aplikazioa erakutsita; eta Goienakide ez izan arren Goiena aplikazioa deskargatuta dutenek 2 euro ordainduko dute sarrera.
Finalerako berritasun moduan, Goienakide ez direnak doan sartu ahalko dira, Goiena eta Primeran aplikazioak deskargatuta.

Sanprubusa eta chill out gunea
Aretoaren kanpoaldean chill out gunea egongo da. Kontzertuen aurretik eta kontzertuen arteko tarteetan DJak izango dira protagonista. Doan. Finalaren gaua girotzeko, chill out gunean izango da Bergarako Turtukiña Kolektiboa.
Sanprubusak emango du taberna-zerbitzua; bestalde, Seminarixoa aretoan jarlekuak kendu egingo dira eta barra txiki bat egongo da.
Hamasei talde, lau jaialdi eta finala
Hamasei proposamenek parte hartu dute Danbaka Musika Lehiaketaren seigarren edizioan, eta horietatik hiru aukeratu ditu epaimahaiak finalera igaro daitezen.
Debagoieneko askotariko hamasei taldek hartu dute parte aurtengo Danbakan: urriaren 25ean, Korda Rota (Arrasate), Ktarsia (Bergara), Sotoalde (Bergara) eta Malko (Oñati) izan ziren protagonista; azaroaren 15ean, Low Cost Deluxe (Bergara), Eten (Aretxabaleta), K-Po (Bergara) eta Rebel Noise (Arrasate); azaroaren 29an, Del Val (Arrasate), Henko (Oñati), Txerrikumeak (Aretxabaleta) eta Karena (Antzuola); eta abenduaren 13an, Banana Shake (Arrasate), Ondare
(Arrasate), 721-Gogor Gabiltza (Aretxabaleta) eta Maider Mimi (Aretxabaleta).
24 talde aurkeztu dira
24 talde aurkeztu dira, orotara, lehiaketaren seigarren ediziora. Horietatik hamabost epaimahaiak aukeratu ditu eta azkena, hamaseigarrena, publikoak, boto bidez. Arrasateko Ondare taldea aukeratu du publikoak. Orotara, publikoaren 1.300 boto baino gehiago jaso dira.
Epaimahaia honako kide hauek osatzen dute: Amaia Arriaran musikazale bergararra, ipuin kontalari zein antzezle gisa ibilbide oparoa egin duena eta Danbakan epaimahaikide izatea zer den badakiena; Ainhoa Vitoria musikazale arrasatearra, EITBn irrati esatari urte asko egin ostean gaur egun Yoko ona podcastarekin buru-belarri dabilena; Sara Alonso musikazale aramaioarra, EITBn irrati esatari eta Nhil taldeko frontwoman-a; Julen Narbaiza musikazale bergararra, 1980ko hamarkadan Txibisto areto ezaguneko arduradunetako bat izandakoa; eta Iñigo Ugarte musikazale oñatiarra, 2022an ere
epaimahaikide aritu zena.
Epaimahaiak adierazi du aurten ere aurkeztu diren askotariko estiloengatik eta bidalitako abestien maila handiagatik zalantza handiak izan dituela aukeraketa egiteko.
Aurtengo berritasuna: ‘Danbakast’
Goiena Komunikazio Taldeak une oroko jarraipen zabala egingo dio Danbaka Musika Lehiaketari. Euskarri guztietan: Goiena.eus, Goiena telebista, Goiena aldizkaria eta Puntua aldizkaria. Baita sare sozialen bidez ere. Kontzertu guztiak oso-osorik grabatuko dira eta ostean emango dira Goiena telebistan eta Goiena.eus-en. Era berean, lehiaketak kontu propioa izango du Instagramen. Baita webgunea ere: www.danbaka.eus.
Danbakari une oroko jarraipena beste era batera egiteko jaio da Danbakast bideopodcasta. Urriaren 10ean eman zen lehen saioa, eta, ordutik hona, astero, eguenero, ikus eta entzun daiteke, Goienaren ohiko euskarrietan, baita Spotifyn eta Ivoox plataforman ere. Danbakast saioan hainbat tertuliakide eta gonbidatu izango dira, Danbakaz eta musika arloko askotariko kontuez lasai, luze eta zabal berba egiteko. Goiena telebistako platoan grabatzen da, horretarako propio sortutako set eder batean.




