1. Ganbera Akordeoi Lehiaketa ere egingo da Arrasaten, Hauspozen 50. urtean

0
564

Asteburu honetan ospatuko dira, ohiko 3 hitzorduez gain, ganberako lehiaketa berria. Hauspoz elkarte antolatzaileak aurten mende erdia betetzen du. Gainera, akordeoilariendako SUDCen prestatzen diren otorduetan Arrasateko Lanbide Heziketako Gastronomiako ikasleek ere parte hartuko dute.

Aurkezpena gaur eguerdian egin da Kulturateko areto nagusian, eta bertan parte hartu dute, ezkerretik hasita:

  • Andoni Arratibel, Kultura zinegotzia
  • Arantza Agirre, Hauspozeko lehendakaria
  • Maider Morras, Arrasateko alkatea
  • Maria Jose Telleria, Aldundiko Kultura zuzendaria
  • Maria Zubimendi de la Hoz, Hauspozeko koordinatzailea

Hiru entitateek elkarri eskerrak eman dizkiote, eta

Alkateak iragarri du parte-hartzaileei SUDCen elkartean prestatzen zaizkien otorduetan Lanbide Heziketako Gastronomiako ikasleek ere parte hartuko dutela.

Izan ere, “Bastida Akademiako ikasleek eta Arizmendiko ikasleek parte hartuko dute. Horrela, herrigintzaren bitartez, ikasleek SUDC laguntzen dute, eta aldi berean SUDCek bere funtzioari eusten dio”.

Aurkezpenak ere azpimarra jarri du Hauspozek (Euskal Herriko Akordeoi Elkarteak) aurten mende erdia betetzen duela.

Elkarte hau urte ugari daramatza Arrasateko akordeoi jaialdi eta txapelketak antolatzen.

Aldundiko Kultura zuzendariak adierazi du elkarteak “lan handia” egin duela, eta “asteburu honetan tokatu da eskertza egitea”.

Halaber, azpimarratu du “halako lehiaketetan zaletasuna eta talentua sustatzen direla”, baita “kanpoko talentua hemen ezagutzeko eta gozatzeko aukera” ere.

Hauspozeko lehendakariak, Arantza Agirrek adierazi du aurtengoa urte berezia izanik, “ohiko ekintzez gain, beste batzuk ere burutu ditugu”.

Arrasateko hitzorduetan aurten berritasun handi bat izango da, zeren eta lehen aldiz ondoko txapelketa jokatuko da:

I ‘Arrasate Hiria’ Nazioarteko Akordeoi eta Ganbera Musikako Lehiaketa:

Ganbara musikako goi mailako proiektuak nazioarteko eszenan aurkeztu nahi dituzten nazioarteko akordeoia daramaten taldeentzat erreferentziazko lehiaketa berria da.

Lehiaketak bi fase izango ditu: lehenengo Online fasea, aurre selekzio gisa, eta finalera joango diren 5 talde.

Azken fasea abenduaren 7an izango da, larunbata, 16:30etik aurrera Juan Arzamendi Musika Etxeko Auditorioan.
Txina, Portugal, Alemania, Espainiar Estatuko eta Danimarkako 5 taldek hartuko dute parte.

Epaimahaia hurrengoek osatuko dute: Stefan Hussong (Alemania), Iñaki Alberdi (Euskal Herria) eta Bjarke Mogensen (Danimarka).

Bestalde, ohiko beste hiru hitzorduak izango dira ostiral honetatik, abenduaren 6tik, igandera bitarte:

XXXI ‘Arrasate Hiria’ Nazioarteko Lehiaketa:

Erreferentziazko hitzordua da, naziaortean kontzertuak eman nahi dituzten maila goreneko akordeoilari guztientzat.

31 urte hauetan, Txina, Errusia, Frantzia, Danimarka, Grezia, Portugal, Eslovenia, Eslovakia, Polonia, Lituania, Serbia, Alemania, Finlandia, Ingalaterra, Norvegia, Italia, Kazajstan, Ukraina, Letonia, Bielorrusia, Kroazia, Estonia, Espainiar Estatua, Hungaria, Suedia, Austria, Suitza eta Euskal Herriko akordeoilariek parte hartu dute, besteak beste.

Aurten, 13 parte-hartzaile ditugu, nazio hauetakoak: Italia, Alemania, Txekiar Errepublika, Frantziar Estatua, Portugal, Serbia, Polonia, Txina, Espainiar Estatua eta Euskal Herria.

Euskal ordezkaria Julen Murga Olabegoia sestaoarra izango dugu. Gaurko aurkezpenean jakitera eman da “12 akordeoilarik jada baieztatu dutela bertan parte hartuko dutela”.

Aurtengo epaimahaia hurrengo nazioartean zona handia duten akordeoi joleek osatuko dute: Heidi Luosujärvi (Finlandia), Stefan Hussong (Alemania), Iñaki Alberdi (Euskal Herria), Bjarke Mogensen (Danimarka), Claudio Jacomucci (Italia) eta Claudia Buder (Alemania).

XXXVI Gipuzkoa Jaialdia:

Izaera hezitzailea eta ez-lehiakorra du. Bakarlari, ganbera-musika taldeentzat edota ensenbleentzat maila desberdinak daude, eta helduentzat maila berri bat ere aurkezten da aurtengoan.

Hamabi mailaz osatua, adina eta ezagutzaren arabera antolatuak. Aurten, 243 parte-hartzaile izango ditu.

XLIV Gipuzkoa Lehiaketa:

Gipuzkoa, Euskal Herria eta estatuko parte-hartzaileentzat. XLIV edizio hauetan, Asturias, Aragoi, Galizia, Murtzia, Gaztela-Mantxa, Gaztela eta Leon, Katalunia, Madril, Kantabria, Errioxa eta Euskal Herri osoko akordeoilariak aritu dira.

Hiru mailaz osatua: Haur Maila (14 urtera arte), Junior Maila (14-17 urte bitartekoa) eta Seniorra (18tik gorakoa). Nazioarteko lehiaketa garrantzitsuen egitura berdian du.

Espainiar estatuan antolatzen diren akordeoi lehiaketen artean ezagunena da. Bere pedagogia- oinarria goi- mailakoa da, eta batez ere kontserbatorioetako mailen beharretara egokitua dago.

Aurten, 32 parte-hartzaile izango dira, jatorri hauetakoak: Aragoi, Kantabria, Katalunia, Gaztela eta Leon, Galizia, Murtzia, Madril eta Euskal Herria.

Bestalde, goian aipatutako lau hitzorduez aparte, kontzertuak izango dira herrian:

Aipatzekoa da egitarau paralelo honek “50. urteurrena ospatzea eta Arrasateko herritarrei hitzorduak gerturatzea ditu helburu”.

Horretarako “Arrasateko Udalarekin elkarlanean aritu gara urte guztian zehar”, Hauspozeko koordinatzailea Maria Zubimendi de la Hoz-ek adierazi duenez.

Horrela, Abaroan kontzertua izango da ostegunean 18:30ean Ibon Asuaren eskutik. Ostiralean arratsaldeko 20:00etan Kulturaten iazko irabazle Jessica Reis portugaldarrak zuzenekoa emango du.

Ostiralean, ongietorri ofiziala baino lehen, Eibarko Akordeoi Bandak kalejira emango du, eta larunbatean, eguerdiko 12:00etan ere, Arrasateko Udalaxpe Txistulari taldeak gauza bera egingo du.

Igandean eguerdiko 13:00etan kontzerturik potoloena izango da, eta bertan Txikitxu-Arrostaitzek parte hartuko du, fandango eta arin-arina dantzatuz.

Itxiera ekitaldia igandearen, abenduaren 8an ospatuko da Amaia Antzokian, gaueko 20:00etan. Sarrera doakoa eta librea izango da, beste ekitaldi guztiak bezala.

Hauspozek omenaldia jasoko ote duen galdetuta, Hauspozek erantzun du “omenaldirik onena dela egindako lanak zer-nolako fruituak izan dituen ikustea”.

Izan ere, “horrelako tradizioa duen lehiaketa bat aurrera eramatea eta hainbeste parte-hartzaile izatea, horiek guretzat omenaldi bat bezalakoak dira”.

Horiek erakusten dute “proiektuak funtzionatzen duela eta behar-beharrezkoa dela”.

Egitarau osoa hemen duzu eskura

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen