San Pankrazio eguna dela eta, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoaren eguna baita, Arrautza Jaurtiketako Industria Diseinuko XXV. Lehiaketa izango da bihar, maiatzaren 9an, ostegunean, 11:00etan, Goi Eskola Politeknikoko 7. eraikinean (Loramendi 4an).
Lehiaketaren helburua da Goi Eskola Politeknikoko ikasleek bereziki, Industria Diseinukoek eta Produktu Garapenekoek eta langileek, kartoi mehea, soka eta ukipen-kola erabiliz, tramankulu bat diseinatzea, jaurtiketan arrautza babestuko duena. Hain zuzen, apurtu gabe arrautza ahalik eta urrunen botatzen duenak irabaziko du lehiaketa.
Hiru sari banatuko dituzte arrautza apurtu gabe lurreratzea lortuko dutenen artean: urrutien iritsiko den tramankulua, gailurik erakargarriena eta irtenbiderik sortzaileena.




