775.000 euro baino gehiago enplegua sustatzeko bideratu ditu Udalak

0
513

2021eko Enplegu Plana onartu berri du Arrasateko Udalak eta honek 8 lan lerro nagusi jasotzen ditu.

Testua: Arrasateko Udala. Argazkia: MB artxiboa.

Pertsonak izanik Udal Gobernuaren lan ardatz nagusia, tokiko ekonomia indartu eta garapena sustatzearen aldeko apustuari jarraipena emanez, Arrasateko Udalak onartu berri du 2021erako Enplegu Plana, 777.328,27 euroko aurrekontuarekin. Udalak ahalegina egin du Planean jasotako lerroek egungo enpleguaren egoerara egokitzeko. 2020ko apiriletik 2021eko apirilera 92 langabe gutxiago daude Arrasaten; langabezia tasa 0,79 puntu jaitsi da urtebetean. Pandemia aurreko datuekin alderatuta, berriz, 2020ko urtarrilean baino 85 langabe gehiago daude, eta tasa 1,72 puntu handitu da.

Enplegu Planak helburu du tokiko ekonomia bultzatu eta kalitatezko enplegua sortu, mantendu eta bermatzeko urratsak ematen jarraitzea, are gehiago orain, pandemiaren eraginak nabariak diren honetan. Izan ere, Covid-19ak areagotu egin du langabezia tasa eta horri erantzuna emateko eta pandemiak sortutako behar berriei erantzuteko momentuko testuingurura egokitutako Enplegu Plana osatu du aurtengoan Udalak.

Horren haritik, 2021eko Enplegu Planak 8 lan lerro nagusi jasotzen ditu:

  1. Herriko langabeen kontratazioa, interes publikoa duten proiektuak garatzeko: 417. 828€
  2. Arrasateko enpresetan herriko langabeak kontratatzeko diru-laguntzak: 87.500€
  3. Titulatu berrien laneratzerako ekimenak (praktikaldiak, bekak…): 7.000€
  4. Arrasateko enpresentzat laguntzak: sortu berriak, negozioen eskualdatzeak, jardueren dibertsifikazioa: 35.000€
  5. Langabeei zuzenduriko lanerako prestakuntza ikasketetarako laguntzak: 30.000€
  6. Ekintzailetza sustapena, bereziki gazteen artean eta tokiko eragileekin elkarlanean: 60.000€
  7. Ekonomia suspertzeko ekimenak: 90.000€
  8. Lanerako prestakuntza: 50.000€

Lan lerro bakoitza bata bestearengandik independientea izango da, hau da, erritmo propioa izango du eta erritmo horren baitan garatuko da. Guztiek, baina, helburu bera izango dute: herriko ekonomia eta enplegua suspertzea, kalitatezko enplegua sortu eta mantentzeko, langabezia tasa arintzeko eta horrela, Arrasate zein arrasatearren bizi-kalitatea eta ongizatea hobetu eta bermatzeko.

Horretarako, aurrez aipatu bezala, 2021eko Enplegu Plana oro har eta programa bakoitza zehazki, Covid-19ak eragindako ondorio eta behar berrietara egokitu da. Kasu honetan, esaterako, enpresei zuzenduriko laguntzen lan lerroak jasan du aldaketarik handiena, aurtengoan, enpresa berrien sorrera laguntzeaz gain, eskualdatzeak eta jardueren dibertsifikazioak ere jasotzen baititu.

Edurne Unamuno Sustapen Ekonomikoko zinegotziak nabarmendu du “inoiz baino garrantzitsuagoa da herriko ehun ekonomikoa mantendu, babestu eta sustatzea, eta aldi berean, langabe zein ekintzaileei erraztasunak ematea. Paraleloki doaz, eta Udalak bi lan ildo horien gainean bultzatu nahi du berreskurapen ekonomikoa: ehun ekonomiko indartsu eta aurreratua eta kalitatezko enplegua”.

Horrekin batera, elkarlanaren garrantzia azpimarratu du Arrasateko Udalak Plana osatu eta aurrera eramateko giltzarri nagusietako bat bezala. Horri lotuta, MUrekin, formazio zentro desberdinekin, herriko enpresekin edota eragile sozioekonomikoekin duen etengabeko hartu-emana azpimarratu eta eskertu du.

Hiri-ekonomiaren aldeko apustu irmoa

Enplegu Planaz haratago, Arrasateko Udalak beste hainbat egitasmo landu eta bultzatzen ditu, horien artean “Interreg Europe” programako SHREC egitasmoa, trantsizio energetikoaren alde, nekazaritza arloko aktibitatea suspertzeko “Arbigara” edota “Mondragon City Challenge”, Unibertsitateko ikasleen artean ekintzailetza eta kooperazioaren kultura sustatzeko.

Horiek ere Arrasateren zein arrasatearren garapena dute jomuga nagusi gisa, Arrasatek hazten eta garatzen jarrai dezan, etorkizunean ere, herritarren ongizatea eta bizi kalitatea bermatzen dituen eta bizitzeko eta lan egiteko aukerak eskaintzen dituen herria izan dadin.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen