Kapikuak 20 urte bete ditu Arrasateko San Andres auzoan, modaren eta gertuko tratuaren alde

0
157

Arrasateko San Andres auzoko Kapikua moda-dendak 20. urteurrena ospatuko du abenduaren 3an. Marta eta Ima Ruiz ahizpek 2006an hartu zuten familiako negozioaren lekukoa, eta ordutik emakumeentzako moda eta osagarriak eskaintzen dituzte, gertuko arreta eta aholkularitza pertsonalizatua ardatz hartuta.

Dendaren historia, ordea, 1987an hasi zen, gurasoek Ruiz lurrin-denda ireki zutenean. Ia bi hamarkada geroago, ahizpek negozioari norabide berria ematea erabaki zuten, kontsumo-ohitura berrietara egokitzeko eta emakumeentzako moda-denda bat sortzeko. Horrela jaio zen Kapikua, poltsiko guztietara eta emakume mota guztietara iritsi nahi duen proiektu gisa.

Hogei urte hauetan, dendak eboluzionatzen jakin izan du, baina hasierako filosofiari eutsiz: hurbiltasuna, elkarrizketa eta bezero bakoitzari egokitutako aholkularitza. “Gure lan egiteko moduak betiko saltokien balioa mantentzen du”, azaldu du Imak. Eskaintzari dagokionez, estilo eta taila askotariko jantziak dituzte, emakume errealen beharretara egokituak.

Ahizpek bezeroak jarri dituzte beti proiektuaren erdigunean. “Kapikuan gure hasiera eta helmuga bezeroa da”, adierazi du Martak. Hain zuzen ere, haiekin sortutako harremana eta konfiantza dira dendaren ibilbidearen oinarrietako batzuk.

Urteurrena ospatzeko, abenduaren 1etik 20ra bitarteko egutegi berezia prestatu dute. Egun horietan Kapikuan erosketak egiten dituzten bezeroek egunero egingo den zozketan parte hartuko dute, opariak eskuratzeko aukerarekin. Abenduaren 3a izango da egun bereziena, dendaren irekieraren urteurrena baita, eta egun horretan egutegiko sari nagusia zozketatuko dute.

Etorkizunera begira, Kapikuak gertuko merkataritzaren aldeko apustuari eutsi nahi dio, baina tresna berriak ere baliatuz. WhatsApp Business bidez, besteak beste, nobedadeak, katalogoak, irudiak eta bideoak partekatzen dituzte bezeroekin, eta eskaerak jasotzeko eta produktuak dendatik jasotzeko aukera eskaintzen dute.

Marta eta Ima Ruiz ahizpek argi dute datozen urteetarako helburua: “Hemen jarraitzea bilatzen dugu, gaur egungo moda, kalitatezko arreta eta betiko maitasun bera eskainiz”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen