Arrasateko San Juan Parrokiako elizako Iturriotz kalera ematen duen atean hargin marka bi daude. Markok ate-zangoetako barruko aldean daude. Bata ezkerreko aldean zorutik bi metrora edo dago; ballesta formako irudi bat arkua ezkerraldera begiratzen duelarik. Ballestaren sokaren luzera 9/10 zmkoa da eta kirtenak 14 bat zentrimeto dauka (Kirtena horizontalean dago) kirtenak (cureña) itsatsita katu (gatillo)bat dauka kako formarekin.
Beste irudia ezkerreko ate-zangoan dago, lurretik metro betera edo. Ballesta txikiagoa da eta gora begira dago. Kirtena bertikalean dago kokatuta, katua era badauka baina kasu honetan marra zuzen bat da ez du kakorik egiten.
Galdera asko sor daitezke marka hauek interpretatzeko orduan. Edozeinek pentsa dezake orain dela gutxi, baten batek helburu berezi barik eginiko marrazkiak izan daitezkeela. Marka hauen berri Juanjo Fdez Beobidek eman zuen Estrata aldizkarian 2004an. Beraz oso oso berriak ere ez dira.

Bestaldetik ere pentsa genezake Erdi Aroko harginen markak direla. Marka arruntak inolako motibazio berezirik eginikoak. Izan ere harginen markak nahiko ohikoak ziren eliza erromanikoen eraikuntza prozesuan. Hargin bakoitzak, edo kuadrilla batek eginiko lana ondo zehazteko eta behar bezala kobratzeko. Harlandu bat egiteak esfortzu handia eskatzen zuen. Arrasateko parrokiako ate honetako markak ondo landutako harrietan daude, bere baketoi eta guzti. Bere logika ere izango luke hain ondo landutako harria artisauaren “zigiluaz” ondo markatzea gero saria jasotzeko.
Baina arazoa ez da hain sinplea: Ballesten marrazkiak eliza askotan azaltzen dira eta Erdi Aroko elizetako harginen markak aztertzen ari diren aditu batzuk hipotesi harrigarriak ateratzen dituzte.
Bi autore daude Rafael Fuster Ruiz eta Jordi Aguadé Torrell Espainiako Erdi Aroko elizetako harginen markak aztertu dituztenak eta ballesta formako irudiekin beste hipotesi bat plazaratu dute: Ballesten irudiak elizaren oinplano sinplifikatu bat baino ez lirateke izango.
Ballesta forma “kanonikoak”. Arrasateko parrokian eredu biak dauzkagu
Rafael Fusterrek Leonen kokatuta dagoen San Miguel de Eskaladako tenpluan dauden ballesta markak aztertu ditu. Eliza honetan bi parte daude bata zaharragoa, mozarabea, eta bestea berriagoa, erromanikoa. Hargin markak eliza erromanikoko harrietan daude kokatuta. Fusterren iritzian ballestaren proportzioak eta elizaren oinplanoarenak oso berdintsuak dira. Tenpluaren oinplanoaren proportzioak adierazteko marrazkiak izango lirateke.
Dakizuenez, orain dela gutxi arte kristau elizen eraikuntza gurutze formako oinplanoan antolatzen dira: Beso luzean nabe zentrala eta beso motzean “transeptoa”, eta trabeseko beso motzaren atzean eliz burua ( presbiterioa eta absidearekin).
Fuster eta Aiguaderen hipotesiaren arabera ballestaren kirtena (cureña) edo besoa elizaren oinplanoko nabe zentrala izango litzateke, gurutzearen beso luzea hain zuzen. Ballestaren sokarekin oinplanoko beso motza marraztuko litzateke eta arkuak absidea edo elizburua adieraziko luke.
Proporzioengatik baliteke parrokiako Iturriotz kaleko atean horrelako zerbait egotea. Baina zer egiten dugu “katuarekin” ? Nola azaldu marrazkiaren elementu hau? Katuak nabe bakoitzaren zabalera eta luzera adieraziko lituzke. Arrasateko parrokiak hiru nabe ditu: nabeen arteko distantzia zehazteko? Edo krujia, zutabe edo pilareen arteko tartea, bakoitzarena?

Ezkerreko ate-zangoko ballesta.
Eskumako ate-zangoko ballesta txikiagoa da: Parrokiaren eraikuntzaren proportzio bertikalak emateko?
Izan ere pentsa dezakegu ezkerreko ate-zangoan dagoen marrazkia horizontalean ulertu daitekeela eta eskumakoa bertikalean. Hipotesiak dira, noski, baina hipotesi liluragarriak.
Euskal Herrian, beste bi horrelako marrazki antzeman dira Argantzuneko elizan eta Añezkarreko San Andres eliza gotikoan. Añezkarren ballesta marka bat dago, ate-zangoko barrualdean. Simeon Hidalgo Valenciak marrazki hau aztertu du, eta bere ustez ballestaren proiekzioa elizaren oinplanoan jarriz gero kointzidentzia erabatekoa da. Beraz ballestak elizen kriptoplano moduko batzuk izango lirateke?
Arrasateko Parrokiaren kasuan ere elementu asko daude hori pentsarazteko: oinplanoaren besoen arteko proportzioa, absidearen forma arkuduna ,ballesta bien arteko tamainan diferentzia …
Parrokiako neurriak eta ballestenak ondo neurtuta frogatu daiteke hipotesi hau?

Bestaldetik, literatura erlijiosoan ballesta izaten da zuzentasuna adierazten duen tresna bat. Gezia zuzen botatzen duen tresna izanik baliteke karga sinboliko berezia izatea ballestaren marrazkiak: bekaturik egin gabe zuzenean zerura abiatzeko bidea, okerrik egin barik: Arrasateko parrokiaren eliz-burua ( ballestaren arkua eta beraz gezi hipotetikoa) gutxi gora behera ekialdera begira dago, eta bere arku gotikoek ere zerura garamatzate.
Eta zuk irakurle, honaino iristeko pazientzia izan duzun horrek, zer irizten diozu? Kriptoplanoena ez al da hipotesi politena?
Ondorengo irudietan: Argantzuneko elizako ballesta estriboduna, eta Simeon Hidaldo Valenciaren blogetik Añezkarreko ballestaren interpretazioa. Signos lapidarios web orrian datu interesgarriak datoz.


Ederra artikulua!!! Oso interesgarria!
Oso onak gure eraikin historikoetan agertzen diren markak erakusten dizkiguten artikuloak.
Eskerrik asko.