Arrasatearrek Bigarren B Mailako euren lehen partida jokatuko dute larunbat arratsaldean (17:00etan) Musakolan Zierbena talde bizkaitarraren aurka.
Duela 13 urte, lagun talde batek areto futbolaz gozatzeko Mondrate sortu zuenean, nekez pentsatuko zuten, hastear den 2026-2027 denboraldi honetan Bigarren B mailan jokatzeko moduan izango zirenik. Inork ezer oparitu gabe, larunbat honetatik aurrera, maila erdi profesionalean ariko dira moreak, betiko «Mondrate izpirituari» muzin egin gabe. Aurrean duten erronkaren zailtasunaren jakitun diren arren, arrasatearrek argi dute maila berrira ez datozela paseoan ibiltzera eta euren maila frogatzeko lehen aukera larunbatean izango dute, 17:00etan Musakolan, Zierbena talde bizkaitarraren aurka.
Ezbairik gabe, denboraldi historikoa izango da hastear dagoen hau Mondraterentzat eta uda ere apartekoa izan da talde morearentzat, kantxan eta kantxetatik kanpo. Igoeraren festa eta ospakizunak amaitu bezain laster, jokalari eta entrenatzaileek oso argi izan zuten parean izango duten erronka ez dela edonolakoa izango eta horri aurre egiteko ia uda osoa lanean pasa dute. Uztaila bukaerara arte entrenatzen jarraitu zuten eta abuztuan ere pare bat aste baino ez zituzten izan atseden hartzeko, orain arte sekula izan gabe prestakuntzan. Bulegoetan ere ez dute lanik falta izan, maila berriak behar berriak ere suposatzen dituelako. Esaterako, iazko denboraldian partidak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako aurkarien aurka jokatu bazituzten, aurten Nafarroa, Errioxa, Gaztela eta Aragoiko aurkariak ere izango dituzte, egin beharreko kilometroak biderkatuz. Hala, iaz bidaiak norbanakoen autoetan egiten bazituzten, aurten bidaia guztiak autobusean egingo dituzte eta honek babesle berriak bilatzera behartu ditu. Taldean pozik dira Arrasaten aurkitu duten babesarekin eta oso eskertuta agertu dira abentura honetan lagun izango dituzten etxe komertzial eta erakundeekin.
Fitxaketa bakarra
Kirol arloari dagokionean, ohiturari jarraituz, mailaz igotzeak ez ditu betiko taldearen aldeko apustutik zentimetro bat ere mugitu eta Oier Ganboa atezaina, orain arte Eskoriatzan eta Urrestilan aritua, izango da aurtengo fitxaketa bakarra. Mondraten argi dute orain arte lortutakoa elkarrekin lortu dutela eta Bigarren B mailako erronkari ere, elkarrekin ekin nahi diote.
Aurre-denboraldian, hurrengo asteetan arerio izango dituzten zenbait talderekin lehen kontaktuak izateko aukera izan dute eta argi ikusi dute parean izango dituzten jokalariek orain artekoak baino kalitate eta erritmo biziagokoak izango direla, baina ziur daude maila emango dutela.
Horretarako, ordea, zaleen babesa ere funtsezkoa izango dute eta horregatik Musakolara gerturatzeko gonbita luzatu diete, denen artean maila berriaz gozatu ere egingo dutela ziur baitaude. Azken urteetan partida asko irabaztera ohituak, aurten hortzak estutzeko ere prest daude mondratetarrak.




