Gure aita zenari askotan entzun genion, Txaetatik joan eta osteko mendietan harri handi batzuk zeudela “habitaziño baten tamainokoak” eta harri horiek zirela moroek erabiltzen zituztenak jauregiak egiteko. Baina “zerbait” gertatu zela eta harriok bertan behera utzi eta “moroek” alde egin behar izan zutela. Harrezkero harrobia edo kanteraren arrastoa galdu egin zen baina hala ere gure aitak zioenez bere gazte denboran harri horiek Bedoñatik ikusten ziren. Harri dotoreak ziren kolore “urdinekoak”.
Argazkiak: Ramon Ugalde.
Auñamendi Entziklopediak ere badakar Arriurdiñetaren aipamena: Zañartuko mendi bat da harri gris pila handiekin, bertakoek uste dute jentilen monumentuen aztarnak direla.
Leonardo Guridik ere jaso zuen Arriudiñetako harrobiaren inguruko zehaztasunak bere Torreko zubia kontakizunean. Leonardo Guridi Mondragoeko Parrokiako abadea izan zen eta Jose Migel Barandiaranekin kolaboratzen zuen Eusko-Folklore aldizkarian. Abade hau oñatiarra zen eta frankistek fusilaturiko San Juan parrokiako apaizetariko bat izan zen Espainiako Gerra zibilean. Leonardo Guridik jasotako ipuinen arabera Arriurdiñetako harriak erabili zituzten “moro” edo jentil kuadrilla batek Oñatiko San Pedro auzoko Torreko zubia egiteko.
Beste autore batek, Julio Laisseruzek ere Oñati aldizkarian idatzi zuen Torreko zubiaren eraikuntzaz, baina bere kontakizunean zubia egin zuena Erraldoi bat izan zen, Torreko alabaz maitemindu zena eta bere maiteari bidea errazteko. Kontatzen duenez erraldoi hau hain handia zen ze oin bat Anboton zeukan eta bestea Udalatxen.
Beraz Arriurdiñeta harrobi mitologikoa da. Bedoñan eta oro har Mondragoen uste zuten bertako harriak jauregi bat eraikitzeko erabili zutela eta Oñatin ordea zubi bat. Oñatin jasotako zubia existitzen da, Torreauzo edo San Pedro auzoan dago, baina gure aitak aipatzen zuen jauregia non dago?
‘Oñatiko historia eta arte bilduma’ liburu ederrean Oñatiko harrobi edo kantera tradizionalak zerrendatzen dituzte baina Arriurdiñetakoa ez dute aipatzen. Zer ondorio atera dezakegu? Harrobi horretan lanean ari zirenek bapatean, derrepente, bertan behera utzi behar izan zituztela lanok eta harrobia abandonatu eta aspaldiko kontuak zirenez garai historikoetan bertako harriak ez zirela erabili? Baliteke.
Gure mutiko kultureta buruan, gure aita zenak aipatzen zituen “kuarto edo habitaziño baten tamainako harriak” zeudela entzuterakoan Paleolitikoko cromlecha edo dolmen bat imajinatzen genuen. Harri handi horiekin egindako palazioa alegia.
Dena dela harrobi mitologiko honetan izaki mitologikoak aritu ziren lanean: jentilak, “moroak”, “nikolasak” eta erraldoi bat.


Oñatin kontatzen dutenez San Pedroko zubia “moroek”edo jentilek eraiki zuten gau batean, horretarako erreskadan jarri ziren Arriurdiñetatik Bakue (bi Bakue daude, hau Zañartu gaienan dagoena da) eta Larrazierretik harriak erreka ondoraino eramaten zituzten zubia jasotzeko. Lanean ari zienak elkarri “benga Nikolas” eta “aiba Nikolas” esaten zioten. Lanagatik kobratzeko baldintza ei zan gau batean egin behar zutela zubia eguna oilarrak kukurruku egin baino lehen. “Moroak” hain fin lanean ari zirenez Torreko etxekoandrea larritu egin zen eta oilategira joan kandela bat piztu eta oilarrak esnatu eta kukurruku egin zuen. Hiru edo lau harri falta ziren, hiru harri begira gelditu zitzaizkien eta “moroek” alde egin behar izan zuten ezer kobratu barik.
Harrobi hau oso arraroa denez Oñatiko beste abade batek uste zuen meteorito bat jausi zelako zeudela bertan harri handi eta hain arraroak bertan.
Mapa geologikoetan harearriak eta lutitak daudela adierazten dute. Guretako “arenarrixek” dira. Mendi magal horretan harrobi txiki askoren arrastoak daude, ezagun da bere garaian aktibitate askoko lekua izan zela. Parte ikusgarriena goiko partean dago, zehazkiago Oñati eta Aretxabaletaren arteko mugan, Aretxabaletako 18. mugarrian. Esan bezala kantera txiki asko daude eta oso aspaldikoak direnez aritz handiak hasi dira bere gainean. Parte ikusgarrienean ordea ez dago landaretza gehiegi, eta “eskonbrera” itxura hartu genion. Landare exotikoren bat (junko panperoa) ere hazi da harrien bitarteetan. Noizkoa ete da? Naturala da edo gizakiaren eskuartze modernoago bat izan daiteke? Ez dakigu, baina gure aitak aipatzen zituen “kuarto baten tamañoko” harriak bertan daude.
Arriurdiñeta non dagoen badakigu baina bere inguruan dauden misterioek ordea argitu barik jarraituko dute: Noiz hasi ziren erabiltzen bertako harria? Noiz arte ibili ziren lanean bertan? Nortzuk ziren “moroak” edo jentilak? Zergatik deitzen zioten elkarri Nikolas? Honen harira ere aipatu beharko dugu Arrasaten garai batean kantatzen zen kantua: San Nikolas santua Udalatxan ortua….. Nikolas edo San Nikolas harrizko eraikuzekin lotuta dago gure mitologia ahaztuan? Erderaz egiten zuten “moroek” edo jentilek”? San Pedro edo Torreauzoko zubiaz aparte beste ezer egin zuten bertako harriekin?
Lekua oso polita da, inguru arraroa, hainbeste gustatzen zaigun epoka mitologiko batera garamatza … Merezi du osteratxo bat.







Cromlechak ez dira Paleolito garaikoak, Calcolito garaikoak baizik