Judoa kalera aterako da Desoreka Judo Klubaren eskutik: «kirola, elkarbizitza eta hezkuntza»

0
1728

Urtero bezala denboraldiari hasiera emateko judo kalera ekimena egingo du Desoreka judo klubak irailaren 2an Arrasaten eta 3an Aretxabaletan.

Desoreka Judo Klubak ateak zabaldu nahi dizkie Debagoieneko bizilagun guztiei, judoa tatamitik kanpo eta ingurune hurbilean ezagutu zein gozatzeko aukera eskainiz. Adin guztiei bideratutako ekimen honen helburu nagusia komunitatea kirolaren inguruan biltzea da, haur, gazte eta helduek judoa proba dezaten.

Antolatzaileen esanetan, «jardunaldi hauetan, bertaratzen direnek Desoreka Judo Klubak propio garatutako Judo Pedagogikoa metodologia bertatik bertara ezagutu eta bizitzeko aukera izango dute. Hezkuntzan graduatutako irakasleek diseinatutako proposamen honek haurraren ongizatea eta motrizitatearen garapen integrala ditu ardatz».

Izan ere, Desorekako Judo Pedagogikoak kalitatezko hezkuntza eredua du oinarri:

  • Garapen integrala eta fisikoa: Alor fisikoari eta motrizitateari berebiziko garrantzia ematen zaio, mugimenduzko trebeziak modu dibertigarrian landuz.
  • Emozioak eta sozializazioa: Emozioen kudeaketa egokia eta sozializazio asertiboa bultzatzen dira, elkarbizitzan eta errespetuan oinarritutako ingurunea sortuz.
  • Adimen anitzak eta kurrikulum ezkutua: Ikasle bakoitzaren berezitasunak eta adimen anitzak kontuan hartzen dira, hezkuntza formaletik haratago doazen balioak eta jarrerak (kurrikulum ezkutua) bermatuz.

Azaldu dutenez, «haurrak jolastuz, mugituz eta euren gorputza arakatuz hazteko ingurune egokia da. Hainbat ikerketek nabarmentzen dute haurtzaroan garapen motorra—oreka, erortzen ikastea eta koordinazioa—zein gaitasun mentalak, hala nola fokua, autokontrola eta frustrazioaren kudeaketa, gehien sustatzen dituen kiroletako bat dela. Kideekin batera erronkak gainditzen dituzte, errespetua modurik naturalean barneratzen dute eta beren buruarenganako konfiantza sendotzen dute».

Gaineratu dutenez, «saioak judoko zein beste borroka kirol diziplina batzuetako hezitzaile eta adituek bideratuko dituzte. Gazteenek aukera zuzena izango dute autonomia eta estatu mailako judoka esanguratsuekin harremana izateko, esperientziak partekatzeko eta elkarrekin trebatzeko».

Egunak eta lekuak:

  • Irailak 2: Arrasaten, Biteri plazan.
  • Irailak 3: Aretxabaletan, Ilargi plazan.

Ordutegia (Arrasaten eta Aretxabaletan):

  • 18:00 – 19:00: 5 urtetik gorako haurrentzat.
  • 19:00 – 20:30: 10 urtetik gorako gazte eta helduentzat.

Desoreka Judo Klubak haratago joateko eta kirolaz bestelako modu batean gozatzeko gonbidapena luzatzen die ibarreko kide guztiei. «Etorri eta bizi judo pedagogikoaren esperientzia!»

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen