Agenda bete-beteta itzuliko da oporretatik Besaide Mendi Elkartea

0
1497

Udako oporrak amaitzear diren honetan, Besaide Mendi Elkartean ez dira geldirik geratzeko horietakoak eta iraileko eta urriko agendak ekintzez beterik dituzte.

Hasteko, irailaren 20an, Besaiden Mendizaleen Oroimen Eguna ospatuko da, Besaide Mendizale Elkarteak eta Euskal Mendi Federazioak antolatuta.

Irailaren 26an, aldiz, AGAMI, Arrasateko Gaztetxoen II. Mendi irteera egingo dute, 6-12 urte bitarteko arrasatear gaztetxoei zuzenduta. Martxa 9:30ean hasiko da Biterin eta horetarako, aurretik, 8:30-9:15 bitartean txartelak jaso eta bete beharko dira. Izen ematea aurrez egin beharko da, irailaren 25eko eguerdia aurretik eta gehienez 200 gaztetxok hartu ahal izango dute parte.

Parte hartzea taldeka egingo da, gehienez 5 gaztetxo, heldu batek lagunduta eta azken honek izango du taldearen ardura. Ibilbidea 9,1 kilometrotakoa izango da –6koa Meatzerrekatik jaitsiz gero– eta taldeek 10:45erako Meatzerrekako kontrol gunetik pasata egon beharko du. Bakoitzak bere hamaiketakoa eraman eta sortzen duen zaborra bueltan ekarri beharko du eta martxaren amaieran txokolatea banatuko da Biterin.

Lehen irteera irailaren 27an egingo dute Besaideko nagusiek, Errioxara, Demanda mendilerrora. Irteera Forumen atzean izango da, goizeko 7:30ean eta ibilbidea 15,5 kilometrotakoa izango da, bost ordu ingurukoa. Federatua egotea derrigorrezkoa izango da eta izen ematea irailaren 19tik 22ra egin ahal izango da telematikoki, 22an eta 23an Besaideko bulegoan. Bazkideek 15 euro ordaindu beharko dituzte, 18 bazkide ez direnek.

Urriaren 10-11-12an, aldiz, Picos de Europa izango da Besaidekoen helmuga. Irteera urriaren 10ean izango da, 7:30ean Zalduspetik eta egunero ibilbide desberdin bat egingo dute. Ojedoko Hotel Infantadon hartuko dute ostatu, mantenu erdian eta bazkideek 206 euro ordaindu beharko dituzte, 212 bazkide ez direnek. Izen ematea irailaren 7tik 15era egin beharko da, 50 eurotako aurrerapen bat eginez. Bidaia honetan parte hartzeko ere federatua egon beharko da.

Urriaren 31an, aldiz, Aiba mendi martxa ospatuko da Arrasaten, Besaide Mendizale Elkarteak eta Gipuzkoako Mendi Federazioak antolatua, baina ibilaldi honetarako aurreikusitako 500 plazak agortuta daude.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen