Denboraldi berria ate joka dugula eta, gizonezkoen Mondraren lehen taldeak aurre-denboraldiko bi lagunarteko jokatuko ditu Mojategin. Lehena larunbat honetan izango da, arratsaldeko 16:00ean hasita. Arratsalde berezia izango da, Mondrarekin batera Gasteizko San Prudencio eta Irubat ariko baitira, 45 minututako 3 partida jokatuz. Gasteizko bi taldeek jokatuko dute lehena, Mondrak eta Irubatek bigarrena eta arrasatearrek eta San Prudenciok hirugarrena.
Datorren larunbatean, irailaren 5ean, aldiz, Mondra Hiria udako torneoa jokatuko da, arratsaldeko 16:30ean eta bertan Anaitasuna, iazko talderik indartsuenetako bat, izango da arrasatearren arerioa. Proba garrantzitsuak izango dira bi hauek, hilaren 13an hasiko den denboraldi berrirako. Gainera, gogoratu behar da, denboraldi hasiera ez dela edonolakoa izango, lehen partidan Bergararen aurkako derbia izango baita, hau ere Mojategin.
Iazkoari jarraikortasuna emanaz
2026-2027 denboraldiko proiektuari dagokionez, Mondrak azken urteetako lanari jarraikortasuna eman nahi dio, entrenatzailearengandik hasita eta, gauzak horrela, Jorge Davilak jarraituko du gizonezkoen lehen taldeko ardura eramaten, klubaren konfiantza osoa mantentzen du eta.
Gainera, etxeko jokalarien aldeko apustuak sendoa izaten jarraituko du eta, bigarren urtez jarraian, jokalarien %100ak arrasatearrak izaten jarraituko du. Momentuz, taldeak bi fitxaketaren berri eman du, Durango Culturaletik bueltan den Adrian Fernendez eta Iker Zubillaga. Klubetik jakinarazi digutenez, gainera, laster hirugarren fitxaketa bat iragarriko dute




