Ander Murua denboraldi bikaina osatzen ari da eta B serieko Binakako txapela jantzi eta Buruz Buruko finala jokatu ostean, Bilboko Aste Nagusia Serie B torneoa irabazi du arrasatearrak, Joseba Aldaberekin batera, Amiano-Morgaetxebarriari 22-9 gailendu ostean. Gainera, finaleko pilotaririk onenaren saria ere etxera ekarri du Aspeko aurrelariak.
Emaitzak bestelakorik iradoki dezakeen arren, final lehiatua izan da eta lan asko egin behar izan dute garaipena eskuratzeko 600dik gora pilotakada jo behar izan baitituzte. Defentsan lan bikaina egin dute Muruak eta Aldabek, ezinezkoa zirudien hauei tantoa sartzea eta aurrean aukerak izan dituenean oso eraginkor aritu da arrasatearra. Denera hamar tanto amaitu dit, hauetariko 3 airez, 4 dejadaz eta beste hiru bi-paretakoarekin.
Nolabait, Ander Muruak Buruz Buruko finaleko arantza kendu ahal izan duela esan genezake, Labriten Unai Amiano oso erraz nagusitu bazen (22-7), gaur bederatzi tantotan utzi du irundarra. Irailaren 2an jokatuko du Muruak bere hurrengo partida, Gautegiz-Arteagan, Eskiroz atzelari duela, Salaberria-Morgaetxebarriaren aurka, Caixabank Mastersaren barruan.




