Zuztarrak Errotuzek ‘Habitat’ erakusketa inauguratuko du Kulturaten

    0
    383

    Zuztarrak Errotuz elkarteak eta Nabarralde Fundazioak antolatuta, eta Arrasateko Udalaren laguntzarekin ‘Habitat’ erakusketa inauguratuko da otsailaren 1ean. Gaur goizean Juan Antonio Barberan, Balen Tramon eta Patxi Ugarte Zuztarrak Errotuzeko kideek eta Beñi Agirre Nabarraldekoak erakusketa aurkeztu dute Kulturaten.

    Berez, bi erakusketa ikusgai izango dira Kulturateko Klaustroan. Alde batetik, ‘Habitat. Ezkutatu diguten historia’, Euskal Herriako historia ardatz hartzen duena, eta bigarrena ‘Arrasateko Habitat’, aurrekoaren osagarri izan nahi duena.

    Erakusketa otsailaren 17ra arte ikusgai izango da herritarrentzat eta hainbat ikasle taldeentzat. Izan ere, ‘Habitat. Ezkutatu diguten historia’, herriko DBHko 4. mailako 10 ikasle taldeei bisita gidatuen bidez azalpenak emango dizkie Beñi Agirrek, mapa ugari erakusten duten 14 paneletan oinarrituta. Beñi Agirrek herritarrentzako bisita gidatu bat ere eskainiko du. Bisita gidatua otsailaren 8an izango da arratsaldeko 17:30ean.

    Beñi Agirrek azaldu duenez, “erakusketaren helburua da modu oso laburrean Euskal Herriaren, Nafarroaren historia osoa kontatzea, Aintzin Arotik Gerra Karlistetaraino. Sistesis hori egin da oso modu grafikoan, kontatzeko modu laburrean zein izan den gure herriaren bilakera historikoa.”

    Agirrek ‘Habitat’ izenburuaren zergatia ere azaldu du. ”Habitat kontzeptua lurraldea baino zabalagoa delako. Euskal Herriaz hitz egiten dugunean, ez dugu bakarrik muga politikoek dituen lurralde bati buruz hitz egiten, baizik eta, inguruan duen guztiaz. Euskal Herriaren, eta Gipuzkoaren historia ezin daiteke ulertu inguratzen gaituzten herrien historia ulertu gabe.” Klaustroaren barruan ikusgai egongo diren 14 paneletan, besteak beste, euskararen bilakaera, erromatarrek Euskal Herriaren historian izan zuten eragina eta Nafarroako erresuma ikusiko dira.

    ‘Arrasateko habitat’ erakusketari dagokionez, batxilergoko 1. mailako ikasleen bisitak jasoko ditu. Kasu honetan Zuztarrak Errotuz elkarteko kideek emango dituzte azalpenak. Bisitek 55 minutu iraungo dute. Balen Tramon Zutarrak Errotuz kideak azaldu duenez, “Zutarrak Errotuz taldekoek ikusi genuen duela hamar urte egindako ‘Begira!!! Arrasate: iragana, oraina eta geroa’ erakusketaren hainbat arlo baliogarri izan zitezkeela, modu osagarrian, nolabaiteko ‘Arrasate Habitat’ erakusketa ere lantzeko. Erakusketa 19 panel didaktikoetan gure historiaren hainbat mugarri, pertsonaiak eta gertaera garrantzitsuak modu grafikoan eta atseginean erakusten ditu.”

    Jarduera hauek amaitutakoan, Zutarrak Errotuzeko kideak ikastetxeekin bilduko dira berriro. “Gure asmoa ikasleei eta irakasleei balorazioa eskatzea da, eta positiboa izanez gero, ikastetxeen adostasunarekin, datozen urteotan jarraipena emango genioke jarduera honi.”

    Bukatzeko, orain 10 urte argitaratutako liburuxkaren hitzaurrean datorren hausnarketa berrestu nahi izan dute: “Orain, etorkizuna dugu amets eta ardura, baina etorkizuna ez da inoiz heltzen orainaren forman ez bada, eta oraina ulertzeko, ezinbestekoa dugu iragana ondo ezagutzea.”

    ERANTZUN BAT UTZI

    Zure iruzkina utzi, mesedez!
    Sartu zure izena hemen