Javier Aizpiri Churrucak hitzaldia eman zuen ostiralean Arrasateko Mandara Yoga Eskolaren eskutik. 40 urtetik gora daramatza yoga han eta hemen erakusten, eta Kulturaten ere partekatu zituen bere ezagutzak.
Hitzaldiak interes handia piztu zuen jendartean eta Kulturateko areto nagusia entzulez bete zen.
Sanatana Dharma Elkarteko maisuaren hitzaldia ostiral arratsaldean egin zen, eta ‘Simplifica tu vida’ izan zuen goiburu.
“Lehen jendarteak yoga zerbait sektariotzat zeukan, eta gaur egun popularizatuta dagoen arren, jendeak ez du nahikoa ezagutzen”.
‘Yoga’ hitza bera “galduta dago, kirol-jarduera fisiko batekin erlazionatzen baita, eta hala dago ofizializatuta Espainian”.
“Yogaren zati batek fisikoari so egiten dio, baina ez fisikoa garatzeko baizik eta fisikoan irtenbidea aurkituko dugulako”.
“Gugan beti dago zerbait tinkoa, eta hori zer den aurkitzeak yogarekin du zerikusia. Yoga hitzak ‘batasuna’ esan nahi du, hau da, zu zarenarekin kontzienteki batzea”.

“Zu zarena ez dago aldaketaren menpe, zu beti berdina baitzara. Pentsamendu, mugimendu fisiko edota gaixotasun batzuk izan ditzakezu, baina beti dago zerbait aldatzen ez dena”:
“Hori ez dago gorputzean, eta gogoa aldakorra da, baina zu zarenak bere horretan dirau, eta hori aurkitzea dugu yoga”.
Nola sinplifikatzen du yogak bizitza? “Yogak estrategia oso onuragarri bat dauka, gorputzaren zaintza, eta horretarako gorputzean jarri behar da arreta”.
“Arreta jartzen duzunean oraina bizi duzu, arreta gorputzean jartzen duzunean gorputza bizi duzu, eta gorputza bizitzean lasaitasuna eta bakea izaten dira”.
Hitzaldian ere yoga ariketa bat egin zen, pertsona kopuru ezohiko batekin, hain zuzen, “hemen gauden izaki zoragarri guztion artean”.
“Bakean egotean gustura zaude, ez duzu ezer egin nahi, ezta inorekin eztabaidatu ere. Alabaina, txarto zaudenean zure ezinegonaren errudun egin nahi dituzu besteak, eraso nahi duzu, ihes egin eta beste ideia asko dituzu”.
“Bakean egotean bizitza estimatzen duzu, bizitzak ematen dizun guztia, zure burua zorioneko sentitzen duzu, zure burua ordenatzeko formulak eduki dauzkazulako”.

“Harri bat kristal baten aurka jaurtiz gero, kristala erabat apurtzen da. Harri berbera horma baten kontra bota ezkero, hormak errebotatu egiten du. Eta harri bera lakura jaurtitzen baduzu, lakuak bere urak zabaldu eta harriarekin hazten da”.
“Horiek gertatu ondoren, kazetari batek kristalari harriaren inguruan galdetzen dio, eta kristalak erantzuten du harria ‘erasokorra eta txarra’ dela”.
“Kazetariak gauza bera galdetzen dio hormari, eta hormak erantzuten du ‘ez dela ezer berezia, zer uste du dela ba?'”.
“Gero kazetariak lakuari galdera berbera egiten dio, eta honen erantzuna: ‘bizitzaren opari bat izan da, haztea eragin didalako, eta apur bat krisian jarri banau ere, gauza asko ikasi ditut'”.
Ikasbidea ondokoa litzateke: “bizitzako egoera berbera (harria jaurtitzea norbere aurka) modu ezberdinetan hartua izan daiteke. Oso txarto egonda ere, eta zure burua ere agoantatu ez arren, zure ahalmenak garatzen hasten bazara, honi oparotasuna deritzo, oparotasunak ahalmenekin zerikusia baitu, ez bakarrik diru kontuekin”.

“Yogaren estrategia oso baliotsu eta sinple bat gorputz fisikoarekin zaintza lana egitea da. Gorputz fisikoan dena gertatzen da, urduri egonez gero eskuak hotz izango ditut, pultsoak dar-dar egingo dit, eta nire giharrak gogortuta egongo dira”.
“Gorputza sentitu beharra dago, hori egitean gorputzari ez dagozkion gauzak sentitzen hasten zarelako. Ohartzen zara zure buruarekin, beharrik gabe, lehiatzen ari zarela, eta nola sufritzen ari zaren. Hor geratzen ari dira agerian zure ezaugarri psikologikoak”.
“Gorputzean egoera psikologikoak konpon daitezke, gorputza bizi baduzu eta sentitzen baduzu. Gorputzarekin lan egiteak ahalmen handiak ematen ditu, niri esaterako eman dizkit”:
“Ni ez nengoen diseinatuta jendaurrean hitz egiteko, baina atera naiz, arriskatu naiz, lan fisikoak hori eragiten duelako, zure mugen aurrean jartzen zaitu”.
“Batzuetan trakets sentituko zara, eta desbalorizazio hori zure gorputzean sentituko duzu. Egin nahi dituzun gauza batzuk zure gorputzak ezin ditu egin, momentuz”.
Izan ere, “zure gorputza yogarekin ondo tratatzen hasten bazara, gorputza altxor bat izan daiteke. Gorputzak dena ordenatzen duen indar ona duelako”.




